Absolbitu egin dituzte "elkartasun feministagatik" auzipetutako sei zestoarrak

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 5a

Zestoako sei akusatuak epaitegira sartzen, dozenaka lagun haiei babesa adierazten ari diren bitartean. (Maddi Txintxurreta)

Zestoako gizon batek bere bikotekide ohia nahiz hura babestu zuten bost herrikide salatu zituen 2018an integritate moralaren aurkako nahiz derrigortze delituengatik. Zazpi urte iraun zituen prozesuak, eta abenduan gauzatu zuten epaiketa. Ordutik, epaiaren zain izan dira auzipetuak, eta gaur eman du epaileak azken erabakiaren berri: absolbitu egin dituzte sei akusatuak. 

"Elkartasun feminista" gauzatzeagatik Zestoako sei bizilagunen kontra irekitako epaiketa egin zuten iazko abenduan, eta gaur eman dute epaiaren berri: absolbitu egin dituzte sei auzipetuak. Herriko gizon batek bere bikotekide ohia nahiz hura babestu zuten bost herrikide salatu zituen 2018an integritate moralaren aurkako nahiz derrigortze delituengatik, eta zazpi urte iraun zituen prozesuaren ostean, iaz gauzatu zuten epaiketa. Salatzailearen bikotekide ohia zen akusatuen aulkian eseri zen pertsonetako bat, eta gainontzeko bostak, aldiz, "denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan" emakume hori babestu zuten pertsonak.

Zigor eskaera gogorrak egin zituzten auzipetuentzat. Izan ere, lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen zituzten horientzat; bost urteko zigorra bikotekide ohiarentzat eta Mikel Arregi Ertxin Zestoako alkatearentzat, eta lau, berriz, gainerako auzipetuentzat. Horrez gain, 30.000 euroko zigor ekonomikoa –40.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zuten, Fiskaltzaren eskariz– eta urruntze aginduak galdegin zituzten seientzat. Kargu horietatik guztietatik libre utzi ditu epaileak.

Epaiketa lau egunez

2025eko abenduaren 16tik 19ra gauzatu zuten epaiketa, Donostiako Auzitegian. Lau egun iraun zituen epaiketak, eta egun guztietan epaitegiaren aurrean hainbat lagun elkartu ziren auzipetuei babesa emateko. 

Lehen egunean, akusatutako pertsonaren bertsioa entzun ahal izan zen epaitegian. Akusazioaren lekukoen eguna izan zen, eta dozena bat izan ziren beren testigantza ematera deitu zituztenak. Salaketa jarri zuen gizona bera izan zen fiskalaren eta akusazioaren zein defentsaren abokatuen galderei erantzuten lehena. Kontatu zuen bikote harremana bukatu berritan bikotekide ohiak semearen zaintzari uko egiteko eskatu ziola, eta ezezkoa eman zionean, "bere bizitza hondatzea beste helbururik izan ez duen kanpainari" ekin ziotela bikotekide ohiak eta haren bost lagunek.

Hurrengo egunean, defentsaren lekukoek deklaratu zuten, eta bestelako ikuspegi bat entzun zen epaitegian. "Txiki-txiki eginda" eta "beldurtuta" zegoen lagunari nola lagundu zioten kontatu zuten defentsaren lekukoek. Gainera, Arartekoak deklaratu zuen Zestoako Udaleko Gizarte Zerbitzuak akusatzailearen alde aritu zirela.

Hirugarren egunean, sei akusatuek hitz egin zuten epaitegian. Urte luzez jasan zituen tratu txarren berri eman zuen salatzailearen bikotekide ohiak. Testigantza hori entzun ostean, Fiskaltzak haren kontrako zigor eskaera guztiak kentzea erabaki zuen, baita gainontzeko bost akusatuenak arintzea ere. Akusazioak, aldiz, bost urte arteko espetxe zigorren eskaerak mantendu zituen.

Abenduaren 19an izan zen azken auzi saioa, eta alde bakoitzak bere ondorioak aurkeztu zituen. Hala, epaiaren zain gelditu ziren akusatuak, gaur arte. 

Elkartasun erakustaldia

Iazko abenduaren 14an auzipetuei babesa agertzeko elkarretaratze oso jendetsua egin zuten Zestoan. Herriko 27 eragilek egin zuten bat deialdiarekin, eta plaza babesleku bilakatu zen, ehunka lagun elkartu baitziren han. Honako lotura honetan ikus daitezke kontzentrazioko irudiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide