"Elkartasun feminista" gauzatzeagatik Zestoako sei bizilagunen kontra irekitako auzibidearen laugarren eta azken saioan, defentsaren abokatuak adierazi du auzibideak "hausnarketa" eragin beharko lukeela "indarkeria matxistaren biktima bat bost urteko espetxe zigorraren arriskuaren aurrean jartzeagatik". Gaur, alde guztiek beren azken ondorioak plazaratzeko aukera izan dute, eta beste behin, akusatuei elkartasuna adieraztera agertu den jendez bete da Donostiako Auzitegiko aretoa. Epaiketa amaituta, epailearen azken erabakiaren zain geratu dira Zestoako akusatuak.
Akusazioa osatzen duten bi aldeak izan dira gaurko saioan hitza hartzen lehenak. Fiskalak bezperan adierazitakoari eutsi dio: adierazi du salatzailearen bikotekide ohiak, genero indarkeria jasan zuenez gero, "beldur gaindiezinak" baldintzatuta jokatu zuela, eta ministerio fiskalak ezin diola entzungor egin "emakume baten minari"; horregatik, bere kontrako zigor eskaera guztiak erretiratu dituela. "Entzun dugu lehen emakume indartsua eta zoriontsua zela, gero hori guztia aldatu egin zela, soilik bere haurra inporta zitzaiola, eta beldur handia zuela, zeren [gizonak] hori guztia egin bazuen salaketarik gabe, zer egingo luke salaketa jasoko balu?", galdetu du. Errepikatu du gainontzeko bost auziperatuek ez zutela gizonaren ohorearen kontrako deliturik egin, "lagun bati laguntzeko pasioz" jardun zutelako; aldiz, hertsatze delitua egin zutela berretsi du, eta hori justifikatzeko indarkeria matxistaren aldagaia desagerrarazi du bere irakurketatik, esanez haurraren zainketaren inguruko "eztabaida" soil-soilik "aitari eta amari" zegokiela.
Bestalde, akusazio partikularraren abokatua bere lana egitera mugatu da, hasierako tesia zipitzik moldatu gabe: hots, salatzailea baldintzarik gabe defendatu eta auziperatuen kontra egin du. Zalantzan jarri du salatzailearen bikotekide ohiak hainbat urtez jasan behar izan duen indarkeriari buruz bezperan egin zuen kontakizun gordina –"egia ez esateko eskubide osoa du akusatuak", esan du–, eta delitutzat jo du tratu txarrak egin dituen pertsona bati "tratu txarren emaile" deitzea. Gainera, salatzailearen bikotekide ohiaren erruduntasunean tematu da, baieztatuz "aktiboki" parte hartu zuela gizonaren kontrako hertsapenean, besteak beste, laguntza eske gizarte zerbitzuetara edo genero indarkeriaren biktimei zuzendutako zerbitzuetara jo zuelako, eta zalantzan jarri ditu indarkeria mota horren aurrean sarri aktibatzen diren protokolo sozialak –"ustezko erasotzailea zarelako taberna batetik kanporatua izatea… hori bizi egin behar da, e!", komentatu du–; funtsean, tratu txarrak eragin zituen gizona jarri du biktimaren lekuan.
Ikuspuntu konstituzionala, ahaztuta
Aurreko hiru egunetan Donostiako Auzitegiko areto horretan eman diren testigantzen gaineko irakurketa xehea egin du Zestoako sei akusatuen abokatuak, baina aurretik, zalantzan jarri du epaiketa bera gauzatu izana. Izan ere, ziurtatu duenez, auzi horretan erabat ahaztu den "perspektiba konstituzionala" kontuan hartuko balitz, epaiketa ez zatekeen bide penalera iritsiko.
Defentsaren abokatua: "Elkartasuna presente egon da epaiketa honetan, eta ez da albo batera utzi behar. Humanoagoa izan nahi duen gizarte baten printzipio justua da elkartasuna".
"Eskubide konstituzional baten erabilera ezin da zigortzeko arrazoia izan", nabarmendu du. Bere esanetan, hertsatze eta pertsona baten ohorearen kontrako delituengatik akusatutako sei lagunek elkartasunez egindakoak hiru oinarrizko eskubidek babesten dituzte: adierazpen askatasunak, biltzeko askatasunak eta gai publikoetan parte hartzeko eskubideak. Zehatzago azaldu du: auziperatuek adierazpen eskubidea erabili zuten Zestoako Udalean dokumentuak aurkeztu zituztenean, ongizate batzordean parte hartu zutenean eta 2017ko azaroko udalbatzarrean indarkeria matxistari buruzko manifestu bat irakurri zutenean; biltzeko eskubidea erabili zuten Erasotzaileak stop! eta Elkartasuna ez da delitua leloekin deitutako elkarretaratzeetan parte hartu zutenean; eta gai publikoetan parte hartzeko eskubidea gauzatu zuten, nola zuzenean hala orduan zinegotzi eta gaur alkate den Mikel Arregiren bitartez, garai hartan alkate zenari gizarte zerbitzuek egindako lan partziala hizpide zuen idatzi bat helarazi zietenean. "Eskubide horiek gauzatzen ari zirela demostratuko balitz, prozesu penalak ezingo luke aurrera egin", ondorioztatu du letraduak.
Elkartasuna, "funtsezko oinarria"
"Epaiketa berezia izan da. Indarkeria matxistari buruzko hausnarketa zabaltzeko egokia", adierazi du defentsaren abokatuak, nabarmenduz "indarkeria matxistaren biktima bat bost urteko espetxe zigorraren arriskuaren aurrean" dagoela. Gogorarazi du Zestoako sei bizilagunei hertsatze delitua leporatzen dietela, eta delitu hori zirkunstantziala denez, behar-beharrezkoa dela "salatzailearen testuingurua ezagutzea". Hala ohartarazi du: "Ezin dugu sinplifikatu, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak egin duten eran, eta esan hau guztia ume baten zainketari buruz bikote batek duen gatazkaren ondorioa izan dela".
Eta indarkeria matxista oinarrian duen auzi bat denez gero, elkartasuna babestu beharra dagoela aldarrikatu du: "Elkartasuna presente egon da epaiketan, eta ez da albo batera utzi behar. Humanoagoa izan nahi duen gizarte baten printzipio justua da elkartasuna. Eta egiazko lagunek gauzatu dute, zeintzuk biktimaren inguruan babes sarea josi zuten. Indarkeria matxista borrokatzeko funtsezko oinarria da elkartasuna".
Ildo horretatik, akordura ekarri du indarkeria matxista nahiz "indarkeria bikarioa" darabilten gizonen "ohiko jarrera" dela jazartzen duten emakumearen babes sarea salatzea eta andrea sostengatzen duten lagunengandik banatzen saiatzea. Horrekin, ulertzera eman du bikotekide ohia nahiz hura babestu duten bost lagun salatzeko gizonak hartutako erabakiak patroi matxista horiei erantzuten diela.
"Jokabide isolatuak"
Aurrez esandako guztia aintzat hartuta, defentsako abokatuak ondorioztatu du Zestoako sei bizilagunei leporatzen dizkieten delituek "jokabide isolatuak" dituztela oinarrian, inola ere hertsapen egoera jarraitu bat. Gogoratu du gizonak 2018ko urrian aurkeztu zuela salaketa, baina auzibidean aurkeztu dituzten ustezko jarrera hertsatzaileak 2016a baino lehenenagokoak izan zirela.
Defentsako letraduak ulertzera eman du bikotekide ohia nahiz hura babestu duten bost lagun salatzeko gizonak hartutako erabakiak patroi matxista horiei erantzuten diela.
Mikel Arregi Zestoako alkateari salatzaileak leporatu dion esaldia, kasurako. Akusatzailearen arabera, orduan EH Bilduko zinegotzi zenak bilera batean esan zion "bi hamarkadaz" baztertuko zutela ez bazituen bere haurraren amak ezarritako baldintzak betetzen. Egiaz, bilera horretan parte hartu zuten lau pertsonetatik bakarrak, akusatzaileak berak, baieztatu du Arregik mehatxu hori egin zuela, gainontzekoek ukatu egin dute. 2018ko urtearen hasieran, bestalde, argazki bat egin eta udalera kexa moduan bidali izana (gizona laneko orduetan alkohola edaten ari zelako) leporatzen dio beste akusatu bati, baina auzibidean baztertua izan da egitate hori epaitutako delituekin zerikusirik ez duelako; hortaz, Arregik esandakoa egia balitz ere, soilik esaldi horregatik aurkeztu zuen salaketa gizonak, bi urte beranduago. "Zergatik aurkeztu zuen salaketa bi urte beranduago? Soilik berak izango du horren erantzuna", adierazi du defentsaren letraduak.
Bestalde, salatzailea "tratu txarren emailea" dela herrian zabaldu izana leporatzen diete akusazioek auziperatuei, eta horri ere erantzun dio defentsaren abokatuak: "Gizona izan zen, lagunekin izan zituen hainbat bileren bitartez, gatazka gizarteratu zuena. Jendea bere alde jartzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Kontua ez da herritarrak albo batera utzi dutela, baizik, naturala den bezala, berak ez duela topo egin nahi bere bertsioa babesten ez duen jendearekin. Eta [abenduaren 14an] Zestoan egindako elkarretaratzeak erakutsi zuenez, Zestoako herriak emakumea sinistu du".

Saioaren amaieran, Mikel Arregi Ertxin izan da azken hitza hartzeko eskubidea baliatu duen akusatu bakarra, eta auzibidearen muinean elkartasunezko sare bat dagoela baieztatu du: "Konbentzituta nago hemen gertatu dena elkartasun adierazpen bat izan dela. Herriko alkatea naiz, eta gaur egun ere udalean lan egiten du gizonak, herri guztiak daki ez dela inolako presiorik egon. Epaiketa honetan behin baino gehiagotan aipatu duzue indarkeria matxistaren mamua airean zegoela, eta uneren batean lehertuko zela. Bada, ez da hemen bakarrik lehertu. Zestoan, orain arte bazirudien gai hau ez zela existitzen, eta orain lehertu da".