Akusazioaren bertsioa babestu duten dozena bat lagunek deklaratu dute Zestoako sei herritarren kontrako epaiketaren lehen egunean

Aitziber Arzallus 2025eko abenduaren 16a

Hainbat lagun auzipetuei babesa agertzeko epaitegiaren atarian egin duten elkarretaratzean. (Aitziber Arzallus)

10:30 aldera hasita, akusazioaren lekukoak izan dira gaur deklaratzera deitu dituztenak; 17:00etan artean gaurko aurreikusitako guztiak salatik igarotzeke zeuden. Herriko gizon batek bere bikotekide ohia nahiz hura babestu zuten bost herrikide salatu zituen 2018an, eta zazpi urteren ostean, gaur hasi da epaiketa. Lau egun iraungo ditu epaiketak eta ostiralean bukatzea aurreikusten dute. Goizean epaitegiaren aurrean hainbat lagun elkartu dira auzipetuei babesa emateko, eta auzitegi barruko aretoa ere bete egin dute.

Gaur hasi da emakume bati "elkartasun feminista adierazteagatik" auzipetutako Zestoako sei bizilagunen kontrako epaiketa Donostiako Auzitegian, eta luze joan da lehen eguna. 10:30 aldera ekin diote saioari, eta 17:00etan artean han jarraitzen zuten. Auzitegiko aretoa jendez bete da, epaiketako lehen egunean.

Gaurkoa, batez ere, akusazioaren lekukoen eguna izan da, eta dozena bat izan dira beren testigantza ematera deitu dituztenak. Salaketa jarri zuen gizona bera izan da fiskalaren eta akusazioaren zein defentsaren abokatuen galderei erantzuten lehena. Kontatu du bikote harremana bukatu berritan bikotekide ohiak semearen zaintzari uko egiteko eskatu ziola, eta ezezkoa eman zionean, bere bizitza hondatzea beste helbururik izan ez duen kanpainari ekin ziotela bikotekide ohiak eta haren bost lagunek. 

Sekula frogatu ez diren berari buruzko akusazio faltsuak zabalduz, bizitza soziala egiteko aukerarik gabe utzi dutela adierazi du, ohikoak zituen lekuetatik kanporatu dutela, eta berari bakarrik ez, bere familiari eta lagunei ere kalte egin dietela. Ondoren, haren gertuko hainbat izan dira beren testigantza eman dutenak, eta lauzpabost udal langile ere bai, garai hartan udalaren Gizarte Zerbitzuetan aritzen ziren hainbat, besteak beste.

Lau egun iraungo ditu epaiketak, eta sei lagun eseriko dira akusatuen aulkian, gizon batek 2018an jarritako salaketatik abiatuta: integritate moralaren aurkako delitua egotzita epaituko dituzte salatzailearen bikotekide ohia eta hura babestu duten bost lagun.

Epaiketa "oso larria"

09:00etarako 50 bat lagun elkartu dira epaitegiaren atarian, auzipetuei babesa emateko, Elkartasuna ez da delitua, zuekin gaude lelodun pankartaren atzean. Zestoako Mugimendu Feministako Maddi Lertxundik hedabideen aurrean adierazpenak egin ditu epaitegira sartu aurretik, eta hark salatu du "oso larria" dela elkartasun feminista epaitzea eta auzia iritsi den lekura iristea: "Zortzi urte oso gogorrak izan dira, sei akusatuek espetxe zigorren mamua lepoaren atzean eduki dutelako, eta sinestezina iruditzen zaigu gertatzen ari dena". Hark esan duenez, gainera, kasuak argi uzten du sistema judizialaren izaera "heteropatriarkala" dela. Halaber, sei auzipetuei "indarra" eman diete, baita haiekin daudela adierazi ere: "Ez dugu pauso bat atzera egingo, hemen egongo gara bukatu arte".

Handik minutu batzuetara sartu dira akusatuak epaitegira; 09:30ean hasi behar zuen auzi saioak, baina ordu eta erdi beranduago hasi da. Gaurko saioan akusazioak nahiz haren lekukoek hartu dute hitza; hau da, salaketa jarri duen gizonak eta haren testiguek. Horiez gain, baina, gaur deklaratu du akusatuen lekukoetako batek ere.

Hedabide hainbat bertaratu dira gaur epaiketara, baina epaileak akusatuen defentsarekin zein akusazioarekin kontsultatu ostean, erabaki du hedabide grafikoek ezingo dutela saioaren irudirik hartu. Biharko auzi saioan akusatuen lekukoen txanda izango da. Dena den, hasieran hiru eguneko epaiketa izango zela aurreikusten bazuten ere, gaur esan du epaileak egun bat gehiago luzatuko dela, eta ondorioz, ostiralean bukatuko dela, bi aldeen ondorioak plazaratuta.

Zigor eskaera handiak

Herriko gizon batek bere bikotekide ohia nahiz hura babestu zuten bost herrikide salatu zituen 2018an integritate moralaren aurkako nahiz derrigortze delituengatik, eta zazpi urte iraun dituen prozesuaren ostean, gaur hasi da epaiketa. Salatzailearen bikotekide ohia da akusatuen aulkian eseri den pertsonetako bat, eta gainontzeko bostak, aldiz, "denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan" emakume hori babestu duten pertsonak.

Epaiketa gaur hasi da, eta zigor eskaera gogorrak egin dituzte auzipetuentzat. Izan ere, lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte horientzat; bost urteko zigorra bikotekide ohiarentzat eta Mikel Arregi Ertxin Zestoako alkatearentzat, eta lau, berriz, gainerako auzipetuentzat. Horrez gain, 30.000 euroko zigor ekonomikoa –dagoeneko 40.000 euroko fidantza ordaindu behar izan dute, Fiskaltzaren eskariz– eta urruntze aginduak galdegin dituzte seientzat.

Auzipetuak epaitegira sartzen gaur. (Aitziber Arzallus)

Joan zen igandean auzipetuei babesa agertzeko elkarretaratze oso jendetsua egin zuten Zestoan. Herriko 27 eragilek egin zuten bat deialdiarekin, eta plaza babesleku bilakatu zen, ehunka lagun elkartu baitziren han. Honako lotura honetan ikus daitezke igandeko kontzentrazioko irudiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide