"Gertatzen ari dena bidegabekeria handia da, baina gaur hemen gertatzen ari dena, erraldoia. Herriari eraso egin diote, eta herriak erantzun du". Horrela adierazi du Zestoako Mugimendu Feministak gaur eguerdian herriko plazan egindako elkarretaratzearen amaieran. Izan ere, babes erraldoia jaso du deialdiak, eta ehunka pertsona elkartu da Zestoako plazan, Elkartasuna ez da delitua; zuekin gaude lelopean egindako mobilizazioan.
Asteartetik aurrera Zestoako sei bizilagun epaituko dituzte Donostiako Auzitegian emakume bati "elkartasun feminista adierazteagatik". Herriko gizon batek bere bikotekide ohia nahiz hura babestu zuten bost herrikide salatu zituen 2018an integritate moralaren aurkako nahiz derrigortze delituengatik, eta zazpi urte iraun dituen prozesuaren ostean, datorren astean hasiko den epaiketan "elkartasun feminista" epaituko dutela salatu du Zestoako Mugimendu Feministak.
Lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte akusatuentzat. Horrez gain, 30.000 euroko zigor ekonomikoa –dagoeneko 40.000 euroko fidantza ordaindu behar izan dute, Fiskaltzaren eskariz– eta urruntze aginduak galdegiten dituzte guztientzat. Salatzailearen bikotekide ohia izango da akusatuen aulkian eseriko denetako bat. Gainontzeko bostak, aldiz, "denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan" emakume hori babestu duten pertsonak dira, Zestoako Mugimendu Feministak jakinarazi zuenez. Egoera horren aurrean mobilizatu dira gaur Zestoan, eta deialdia babestu dute herriko nahiz Urola Kostako 30 eragilek baino gehiagok eta ehunka norbanakok.
Lerratzeko unea
Gizonen arteko anaidiak eta sistema judizialaren oinarri heteropatriarkala seinalatu ditu talde feministak, eta "indarkeria matxista sostengatzen duten egitura eta mekanismo guztien aurka" lerratzeko deia egin du: "Azaroaren 25ean gizonen arteko konplizitate sareak seinalatu genituen, eta herrian bizi dugun kasu honek ezin argiago erakusten du anaidia horien funtzionamendua. Era berean, elkartasunaren kontrako makroepaiketa honek agerian uzten du sistema judizialaren oinarri heteropatriarkala. Horregatik gaude gaur hemen: ezinbestekoa delako indarkeria matxista sostengatzen duten egitura eta mekanismo guztien aurka lerratzea eta epaituko dituzten sei herrikideen aldeko elkartasun feminista indartzea".
Adierazi dute asko direla erasotzailearen kontra salaketarik jartzen ez duten emakumeak, "beldurragatik, sistema judizialarekiko mesfidantzagatik edo beste hainbat arrazoiengatik". Epaiketara eraman duten Zestoako kasuan ere horrela izan dela gogorarazi dute, eta erasotzaileen inpunitatea gaitzetsi: "Nola izan genezake konfiantza akusatuen aulkian indarkeria matxistaren biktima eta ez erasotzailea eseriko duen sistema judizial batengan? Elkartasuna adierazteagatik sei herrikidek egoera jasanezina bizi behar izan duten bitartean, herrian normaltasunez eta inpunitate osoz ibili da erasotzailea urte hauetan guztietan".
Mobilizatzen jarraitzeko deia
Auzitara eraman dituzten sei herritarrei eskainitako txalo zaparradarekin borobildu dute gaurko protesta, "gora borroka feminista!", zioten oihu artean. Dena den, mobilizatzen jarraitzearen beharra nabarmendu dute. Hori dela eta, akusatutako sei herrikideei babesa adierazteko, epaiketak iraun bitartean Donostiako Auzitegiaren aurrean elkartzeko deia egin du Zestoako talde feministak. Abenduaren 16an, 17an eta 18an egingo dituzte elkarretaratzeak, 09:00etatik aurrera.
Gaurko deialdia babestu duten eragileak:
3Z, Abantzu pilota kluba, AEKko langileak, Agiro mendi kluba, Arroabeko Ezkaizto auzo elkarteko talde motorra, Danbolineko erredakzioa, EH Bildu (Urola Kosta eta Urola Erdia), ELA, Ernai, Ekain guraso elkartea, Fundizio, GKS, Gurutzeaga txirrindulari elkartea, Iraeta Denon Artean, Itaia, LAB, Pentsionistak martxan, Portale kulturgunea, Sakulupe guraso elkartea, Sortu Urola Kosta, Txara kooperatiba, Zestoako dantzariak, Zestoako Futbol Taldea, Zestoako Gazte Asanblada, Zestoako Merkatari Elkartea, Zestoako Musika Banda, Zestoako Sare eta Zestoako Tabernarien Elkartea. Horiez gain, Urola Kostako hainbat herritako talde feministek babestu dute deialdia, besteak beste, Azpeitiko, Aizarnazabalgo, Zumaiako eta Zarauzko taldeek. Azken horien babesa eskertu dute Zestoakoek.