Urola Kostako nahiz Urola Erdiko EH Bilduk bailarako herritar guztiei dei egin die Zestoako Mugimendu Feministak sei akusatuei babesa adierazteko antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzera. Igande honetan izango da lehenengoa, 13:00etan Zestoako plazan, Elkartasuna ez da delitua lelopean. Horrez gain, epaiketak iraungo duen bitartean, hau da, datorren asteartean, asteazkenean eta ostegunean, 09:00etatik aurrera Donostiako Auzitegiaren parean mobilizatzera deitu du koalizioak.
Hain zuzen, Zestoako EH Bilduko alkatea, Mikel Arregi Ertxin, da herriko emakume bati elkartasuna adierazteagatik akusatu dutenetako bat. EH Bilduk gogorarazi duenez, 2018an herriko gizon batek Arregiren (garai hartan ez zen alkatea) eta beste bost herritarren kontra abiatutako prozesu "latz eta bidegabe" baten emaitza da datorren asteko epaiketa.
Derrigortze eta integritate moralaren aurkako delituak egozten dizkiete akusazioak eta fiskaltzak, "beste era batera esanda -zuzendu du koalizio abertzaleak-, indarkeria matxistaren aurrean emandako elkartasun feminista da abenduaren 16tik 18ra epaituko dena".
Urola Erdiko eta Urola Kostako EH Bilduk atxikimendua adierazi die Zestoako Mugimendu Feministak asteartean kaleratu zuen adierazpenari, eta haien "babes osoa" adierazi diete akusatutako sei herritarrei nahiz mugimendu feministari.
Halaber, bailarako herritar guztiak igandeko elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu, eta epaiketak iraun bitartean Donostian akusatuei babesa ematera animatu ditu. "Elkartasuna ez da delitua. Zuekin gaude!", aldarrikatu du.