Zestoako 27 eragilek babesa adierazi diete datorren asteartetik aurrera Donostiako Auzitegian elkartasun feminista artikulatzeagatik epaituko dituzten sei herrikideei, eta bat egin dute Zestoako Mugimendu Feministak Elkartasuna ez da delitua lelopean iganderako deitu duen elkarretaratzearekin.
Zestoako talde feministak asteartean jakinarazi zuenez, abenduaren 16tik aurrera Zestoako sei bizilagun epaituko dituzte Donostian emakume bati "elkartasuna adierazteagatik". Herriko gizon batek bere bikotekide ohia nahiz hura babestu zuten bost herrikide salatu zituen 2018an intimitatearen eta integritate moralaren aurkako nahiz derrigortze delituengatik, eta zazpi urteren ostean, datorren astean hasiko den makroepaiketan "elkartasun feminista" epaituko dutela salatu zuten feministek. Lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte akusatuentzat.
Zestoako Mugimendu Feministak asteartean zabaldu zuen adierazpena babestu dute Azpeitiko, Zarauzko zein Zumaiako mugimendu feministek, eta Aizarnazabalgo talde feminista ere babes sarera batu dela esan dute gaur. Sare hori Zestoako eragile guztietara zabaldu du herriko mugimendu feministak, eta jakinarazi duenez, 27 erakundek atxikimendua eman diote adierazpenari. Zestoako EAJk ez dio atxikimendurik adierazi testuari, bai, ordea iganderako deitutako elkarretaratzeari.
Irakurketa izenpetu duten eragileen artean daude EH Bildu (koalizio horretako Zestoako alkatea, Mikel Arregi, da akusatuetako bat), sindikatu nagusiak, gazte antolakundeak eta hainbat guraso, auzo nahiz kirol elkarte. Atxikimendu horrekin, 27 eragilek Zestoako sei akusatuei babesa adierazi diete, eta bat egin dute mugimendu feministak iganderako Elkartasuna ez da delitua lelopean deitu duen elkarretaratzearekin. Zestoako plazan egingo dute mobilizazioa, 13:00etan, eta zestoarrak ez ezik, Urola Kostako gainontzeko herrietako bizilagunak parte hartzera deituta daude. Bestalde, epaiketaren egunetan –hilaren 16an, 17an eta 18an– Donostiako Auzitegiaren aurrean elkartuko dira, 09:00etatik aurrera.
"Herriko eragileak elkartasunaren alde lerratu dira", ospatu du Zestoako Mugimendu Feministak prentsara igorritako ohar batean. "Adierazpena babesten dugun mugimendu feministok argi diogu ezinbestekoa dela indarkeria matxista sostengatzen duten konplizitate sareekin eta anaidiekin amaitzea. Eragile hauen guztien inplikazioak erasotzaileak babesten dituzten sareak desegiteko hautu irmoa adierazten du", nabarmendu du.
Honako hauek dira akusatutako sei zestoarrei babesa adierazi dieten eta igandean mobilizatzera deitu duten Zestoako eragileak:
- 3Z
- Abantzu pilota kluba
- AEK-ko langileak
- Agiro mendi kluba
- Arroabeko Ezkaizto auzo elkarteko talde motorra
- Danbolineko erredakzioa
- EH Bildu (Urola Kosta eta Urola Erdia)
- ELA
- Ernai
- Ekain guraso elkartea
- Fundizio
- GKS
- Gurutzeaga txirrindulari elkartea
- Iraeta Denon Artean
- Itaia
- LAB
- Pentsionistak martxan
- Portale kulturgunea
- Sakulupe guraso elkartea
- Sortu Urola Kosta
- Txara kooperatiba
- Zestoako dantzariak
- Zestoako Gazte Asanblada
- Zestoako Merkatari Elkartea
- Zestoako Musika Banda
- Zestoako Sare
- Zestoako Tabernarien Elkartea