Zestoako sei bizilagun epaituko dituzte "elkartasun feminista" gauzatzeagatik

Erredakzioa 2025eko abenduaren 9a

Azaroaren 25ean Zestoako Mugimendu Feministak deitu zuen manifestazioa; atzean, 'Elkartasuna ez da delitua' idatzita duen pankarta ikus daiteke. (M. Txintxurreta)

Abenduaren 16an Zestoako sei bizilagunen kontrako makroepaiketa hasiko da Donostian. Akusatuetako baten bikotekide ohiak 2018an abiatu zuen sei herritarren kontrako prozedura judiziala, eta zazpi urte eta gero, "elkartasun feminista" epaituko dutela salatu du Zestoako Mugimendu Feministak. Urola Kostako hainbat talde feministen babesarekin, elkarretaratzea deitu dute iganderako.

Abenduaren 16tik aurrera Zestoako sei bizilagun epaituko dituzte Donostiako Auzitegian emakume bati "elkartasuna adierazteagatik". Herriko gizon batek bere bikotekide ohia nahiz hura babestu zuten bost herrikide salatu zituen 2018an integritate moralaren aurkako nahiz derrigortze delituengatik, eta zazpi urte iraun dituen prozesu "latz eta bidegabearen" ostean, datorren astean hasiko den makroepaiketan "elkartasun feminista" epaituko dutela salatu du Zestoako Mugimendu Feministak. Lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte akusatuentzat, eta egoera "larri" horren aurrean, Zestoako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du igande eguerdirako herriko plazan.

Datorren asteartean hasiko den makroepaiketan, salatzailearen bikotekide ohia izango da akusatuen aulkian eseriko denetako bat. Gainontzeko bostak, aldiz, "denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan" emakume hori babestu duten pertsonak dira, Zestoako Mugimendu Feministak jakinarazi duenez. Akusazioak eta fiskaltzak bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte bikotekide ohiarentzat nahiz Mikel Arregi Ertxin Zestoako alkatearentzat, eta lau urtekoa gainontzekoentzat. Horrez gain, 30.000 euroko zigor ekonomikoa –dagoeneko 40.000 euroko fidantza ordaindu behar izan dute, Fiskaltzaren eskariz– eta urruntze aginduak galdegiten dituzte guztientzat.

Derrigortze delitua nahiz integritate moralaren eta intimitatearen aurkako delituak egozten dizkiete akusatuei, besteak beste, bi elkarretaratze antolatzeagatik. 2017ko abenduaren 26an, Zoroperi egunean, Erasotzaileak Stop lelopean egin zuten lehenengoa, eta bestea, gizonezkoak salaketak aurkeztu ostean, 2018ko abenduaren 22an, deitu zuen Txoko Feministak, Elkartasuna ez da delitua lelopean. Horrela, Donostian epaituko dutena elkartasuna izango dela ohartarazi du talde feministak.

Mobilizatzeko dei bateratua

Zestoako Mugimendu Feministak nabarmendu duenez, "asko dira beldurragatik, sistema judizialarekiko mesfidantzagatik edo beste hainbat arrazoiengatik erasotzailearen kontra salaketarik jartzen ez duten emakumeak, eta horrela izan da kasu honetan ere". "Ez da harritzekoa –gaineratu du–: nola izan genezake konfiantza akusatuen aulkian indarkeria matxistaren biktima eta ez erasotzailea eseriko duen sistema judizial batengan?"

Are, talde horren ustez, "elkartasunaren kontrako makroepaiketak" agerian uzten du, batetik, "sistema judizialaren oinarri heteropatriarkala", eta bestetik, "anaidien funtzionamendua". "Elkartasuna adierazteagatik sei herrikidek egoera jasanezina bizi behar izan duten bitartean, herrian normaltasunez eta inpunitate osoz ibili da erasotzailea urte hauetan guztietan. Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean gizonen arteko konplizitate sareak seinalatu genituen, eta herrian bizi dugun kasu honek ezin argiago erakusten du anaidia horien funtzionamendua", adierazi du taldeak.

Ildo horretatik, azpimarratu du "ezinbestekoa" dela "indarkeria matxista sostengatzen duten egitura eta mekanismo guztien aurka lerratzea". Hori dela eta, Elkartasuna ez da delitua lelopean elkarretaratzea deitu du iganderako, 13:00etan, Zestoako plazan. Zestoako Mugimendu Feministak egindako deialdiari babesa adierazi diote Azpeitiko Feministen Sareak, Zarauzko Morroxkak eta Zumaiako Mugimendu Feministak, beraz, zestoarrak ez ezik, Urola Kostako gainontzeko herrietako bizilagunak deitu dituzte mobilizazio bateratuan parte hartzera.

"Elkartasuna ez da delitua eta ez dugu pauso bat atzera egingo: horrelako erasoei elkartasun gehiagorekin erantzungo diegu", agertu du Zestoako Mugimendu Feministak.

Halaber, akusatutako sei herrikideei babesa adierazteko asmoz, makroepaiketak iraun bitartean Donostiako Auzitegiaren aurrean elkartzeko deia egin du talde feministak. Abenduaren 16an, 17an eta 18an egingo dituzte elkarretaratzeak, 09:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide