Indarkeria matxistaren aurka duen konpromisoa "erabatekoa" dela adierazi du Zestoako EAJk

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 12a

Elkartasuna ez da delitua lelopean, Zestoan igandean egingo duten elkarretaratzearen atarian, oharra plazaratu dute jeltzaleek, auzipetuei elkartasuna adieraziz. Edozein erasoren aurrean, biktima babesteko "bide judizial ofizialak" lehenesten dituztela adierazi dute; era berean, ez deritzote "komenigarri ekintza paralelorik" egitea. 

Zestoako 27 eragileren babesa dute, oraingoz, "elkartasun feminista" gauzatzeagatik datorren asteartetik aurrera Donostiako Auzitegian epaituko dituzten sei lagunek zein horren atarian Zestoako Mugimendu Feministak Elkartasuna ez da delitua lelopean iganderako antolatu duen elkarretaratzeak. Zestoako EAJk atzo adierazi zuen ez dela atxiki mugimendu feministak asteartean kaleratu zuen manifestura, baina bai igandeko protestara, eta adierazpenen biharamunean, jeltzaleek oharra plazaratu dute auzipetuei elkartasuna helarazteko eta indarkeria matxistaren aurka duten konpromisoa "erabatekoa" dela adierazteko. Bide horretan, "borroka" horretan beren esku dagoen "guztia" egiten jarraituko dutela agindu dute. 

"Edozein erasoren aurrean, lehentasuna biktimaren babesa" dela azpimarratu du Zestoako EAJk, eta horretarako beharrezko "bermeak eskaintzen dituzten bide judizial eta polizial ofizialak lehenesten" dituela gaineratu. Izan ere, alderdi horren ustez, horiek dira "biktimaren segurtasuna eta ongizatea" bermatzeko "modurik egokienak".

Ordea, halako egoeratan "ekintza paraleloak" ez egitearen alde agertu da EAJ, "komenigarria ez" dela argudiatuta: "Borondate onetik sortutakoak izan arren, biktimarentzat kaltegarriak ere izan daitezke. Horregatik guztiagatik, aholkatzen diogu biktimari dagokion salaketa formala jartzea eta, hortik aurrera, dagokion erakunde guztiei eskatzen diegu behar duen laguntza eta babesa ematea", adierazi du. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide