Zestoako sei bizilagunen kontrako auzibidea abiatu duen gizonaren bikotekide ohiak gizon horrek hainbat urtez egin dizkion tratu txar larrien kontakizun luze eta xehea egin du gaurko saioan, eta bere testigantza giltzarria izan da Fiskaltzak harentzako eskatu zituen zigor guztiak baztertzeko. Halaber, erakunde publiko horrek murriztu egin ditu beste bost akusatuen kontrako zigor eskaerak: espetxe zigorrak deuseztatu ditu guztientzat, eta zigor ekonomikoak arindu. Akusazioak, aldiz, mantendu egin ditu eskaera guztiak. Biharko saioa izango da azkena, eta alde guztiek beren arrazoibideak aurkezteko aukera izango dute.
Hirugarren egunez segidan, dozenaka lagun elkartu dira goizean goiz Donostiako Auzitegiaren aurrean Zestoako Mugimendu Feministak deituta, Elkartasuna ez da delitua idatzita zuen pankartaren atzean, eta akusatuak epaitegira iritsi direnean, txaloz hartu dituzte. Astearteko eta asteazkeneko saioetan salatzaileak eta akusazioak nahiz defentsak deitutako testiguek deklaratu zuten Donostiako Auzitegian, Zestoako sei bizilagun derrigortze eta integritate moralaren kontrako delituengatik epaitzen ari den auzibidean. Gaurkoan, aldiz, akusatuak igaro dira epailearen aurretik, eta salatzailearen bikotekide ohia izan da deklaratzen lehena.
Hark, salatu duen gizonarekin bederatzi urtez izan zuen bikote harremanean nahiz banandu ostean sufritu duen indarkeria "sistematikoaren" eta "tratu txarren luzaroko egoeraren" testigantza gordina eman du epailearen aurrean, aretoa bete duen jendetza atzean zuela. Eztarriko korapiloaz gaindi hitz egin du, behin baino gehiagotan negarrari ezin eutsita, aretoan zeuden beste asko bezala.
Kontatu duenez, gizonezkoak jarrera jeloskorrak nahiz misoginoak zituen eta kontrolatu egiten zuen hasiera-hasieratik. Besteak beste, errieta egiten zion lagunekin elkartzen zenean, ukitu lizunak egiten zizkion jendearen aurrean baimenik gabe, mugikorreko mezuak erakustera derrigortzen zuen, ekonomikoki kontrolatzen zuen, edo gizonezko batekin hitz egiten zuenean, irainka hasten zitzaion, "puta", "zikina" eta "narrasa" zela esanez. Oro har, izaera misoginoa duela baieztatu du, bere kontrakoak ez ezik, emakume guztien kontrako ideiak eta jarrerak zituela. "Dialektika sexista zuen erabat, hipersexualizatua", ziurtatu du auziperatuetako batek. Eta zera esan du bikotekide ohiak: "Batzuetan barkamena eskatu behar izaten nion egin ez nituen gauzengatik. Gero eta gutxiago ateratzen nintzen nire emakumezko lagunekin, eta harreman guztiak moztu nituen gizonezko lagunekin", agertu du bikotekide ohiak.
Denborarekin, jarrera bortitzak areagotu egin zituela kontatu du: alkohola edanda eta drogatuta etxeratzen zen sarri, eta aldi horietako batean, ostikoka eta bultzaka egin zuen bere kontra. "Esan nion ez nekiela zergatik egiten zidan hori, eta erantzun zidan ametsetan ariko zela edo drogaren efektuak izango zirela", esan du.
Horrelako indarkeria egoerei ezin eutsita, emakume horrek behin baino gehiagotan alde egin zuen etxetik, eta behin baino gehiagotan itzuli zen, gizonak zin egiten baitzion bere jarrerak aldatuko zituela. Ez zen horrelakorik gertatu. Haurdun zegoela indarkeriazko jarrerak areagotu zituen gizonezkoak, eta haurra urtea betetzeke zegoenean erabaki zuen emakumeak behin betiko banatzea, gizonak mehatxu egin zion arren. Erabakia hartu eta etxetik alde egin zuen arteko gauean, orduro mezu bat idatzi zion lagun bati, hark hala eskatuta. "Kezkatuta geunden, ez genekien etxe horretan zer gerta zitekeen", aitortu du gerora lagun horrek, hura ere akusatua.
Salaketarik ez, beldurragatik
Banandu ostean, "bide luze bat" hasi zuen emakume horrek, eta prozesu horretan, alboan izan zituen lagunak. "Haiek eta nire familiak eutsi ninduten, esaten nuenean ezin nuela gehiago, haiek baietz, gai nintzela", adierazi du.
Laguntza horrekin, hainbat zerbitzutara jo zuen: genero indarkeria jasaten duten emakumeei bideratutako 016 telefonora; Ertzaintzara (genero indarkeriaren atalera bideratu zuten han), Arartekora eta Zestoako Udaleko gizarte zerbitzuetara. "Momentu horretan, ez nuen tratu txarrez hitz egiten, ez nintzen atrebitzen. Tratu desegokiak aipatzen nituen. Baina kontatzen nuenarekin, artatu nindutenek nahikoa izan zuten ondorioztatzeko tratu txarrak jasan nituela, eta salaketa jartzeko esan zidaten".
Ez zuen bere bikotekide ohiaren kontrako salaketarik jarri, beldurragatik: "Esaten nien asko haserretuko zela, eta ez nekiela zer egingo zuen umearekin; zortzi hilabete zituen".
Indarkeria matxistaren biktimentzako zerbitzuek aholkatu zioten ez zezala inongo traturik izan erasotzailearekin, eta izan zitzala beti bitartekariak gizonarekin egoteko ala hitz egiteko. Horregatik, eta haurraren zaintza partekatua dutenez, umea jasotzera eta ematera lagunduta joaten da, baita gaur egun ere. Epaile batek jasotze eta emate horiek Zestoako herrigunean egin behar zirela ebatzi zuen arte, gizonak bizitoki duen aparteko auzoan elkartzen ziren, eta salatzaileak indarkeriaz jokatzen zuen momentu horietan: leihoak kolpatuz zaratak egiten zituen, kotxean aurrera eta atzera ibiltzen zen, argazkiak egiten zizkion bikotekide ohiari eta hura babesten ari ziren lagunei... "Sekulako beldurra pasatzen genuen", aitortu du.
Jasandako indarkeria egoeraren ondorioz, emakumeak esan du urtebete baino gehiago egon behar izan duela bajan, eta trauma osteko estresa nahiz genero indarkeriagatiko nahasmendua pairatzen dituela.
Lagunen sarea
Bikotekide ohiaren atzetik, gainontzeko bost akusatuak epailearen aurretik igaro dira, eta denek baieztatu dute lehenengo testigantzan kontatutako guztia egia dela. Banan-banan, denek gezurtatu dute akusazioak egozten dietena, hots, gizonaren aurka talde antolatu gisa aritu zirela: baieztatu dute mehatxuzko begiradak gizonak egiten zituela, eta ez beraiek, Erasotzaileak stop! nahiz Elkartasuna ez da delitua lelodun elkarretaratzeak ez zituztela beraiek deitu, prentsari ez diotela inoiz kasuaren berri eman, ezein dokumentutan, karteletan ala txostenetan ez dutela inoiz gizonaren izenik aipatu. Are, kontatu dute beraiek ere "beldur handia" sentitu dutela, gizonak haien kontra egin baitu hainbat aldiz: karkaxak bota; kotxearekin harrapatzeko imintzioa egin; haurra, bortizki, besoetatik erauzi...
Epaiketa honetan zentralitatea hartu duen gaietako bat izan da Zestoako Udaleko Gizarte Zerbitzuek, bere garaian, kasu honi buruz idatzi zuten txostena, eta hizpide izan dute gaurko saioan ere. Hala, Maria Luisa Agirretxe Arartekoko letratuak bezperan esan zuena berretsi dute gaur auziperatuek: Gizarte Zerbitzuek ondu zuten txostena erabat partziala zela, salatzailearen bikotekide ohiak esandakoak ez zituela aintzat hartzen; horixe bera onartu zuen garai hartan agintean zen alderdiko (EAJ) zinegotzi batek ere. Horregatik, auziperatutako hiruk ongizate batzordea deitu zuten. "Salatzailea udaleko langilea da, eta bere orduko abokatua, urte askoan, Gizarte Zerbitzuak aholkatzen aritu zen, horregatik, inpartzialtasun falta zegoela antzeman genuen. Eskatu genuen txosten horren osagarri bat, errealitatea azalduko zuena. Eta kasua kanpora ateratzea eskatu genuen", esplikatu du akusatuetako batek. Ez zuten erantzunik jaso.
Ildo beretik, txosten partzial hori ondu zuten teknikarien kontrako presioak ukatu dituzte auziperatuek; zehazki, presio politikoa egin izana ukatu du Mikel Arregi Ertxin Zestoako alkateak. "Presio politikoa, nola? Ni garai hartan ez nintzen alkate, oposizioko zinegotzia nintzen. EAJk gehiengo absolutua zuen, hark zuzentzen zituen batzorde guztiak", argitu du.
Fiskaltzaren eta defentsaren abokatuaren galderei erantzunez (akusazioari ez erantzutea erabaki dute), esan dute "era natural batean" babestu dutela biktima, hain zuzen, lagunak direlako. Eta kezkatuta zeudelako. Akusatuetako batek zera kontatu du: "Esan nion hutseratuta ikusten nuela, eta berak ezetz, oraindik mantentzen zuela bere esentzia. Esan nion albistegietan ateratzen diren kasuak horrelakoak izaten direla. Ez nintzen ausartu hilketa hitza ahoskatzera, baina biok genekien horretaz ari ginela".
Espetxe zigorrik ez
Emakume horren eta atzetik deklaratu duten bost akusatuen testigantzak entzunda, fiskalak baieztatu du salatzailearen bikotekide ohia indarkeria matxistaren biktima dela. Esan du indarkeria horrek eragin zion "haurrari zerbait gertatuko zaion beldur gaindiezinak" jota jokatu zuela biktimak, eta beraz, haren kontrako zigor eskaera guztiak erretiratu ditu.
Halaber, gainontzeko bost akusatuek lagun bat babesteko "pasioz" jokatu zutela baieztatu du. Hori dela eta, Fiskaltzak ondoriozatu du ez dela egon gizonaren integritate moralaren kontrako deliturik, eta kendu egin ditu haien kontrako espetxe eskaerak. Alta, hertsatze edo derrigortze delitua dagoela esan du, horregatik, zigor ekonomikoak eskatu ditu beraientzat: 15.000 eurora jaitsi du ardura zibileko zigorra (30.000 eurokoa eskatzen zuen hasieran), eta zortzi hilabetez eguneko sei euroko kuotako isuna ordain dezatela eskatuko du.
Akusazioak, aldiz, mantendu egin ditu hasierako zigor eskaerak: bost urteko espetxe zigorra salatzailearen bikotekide ohiarentzat nahiz Mikel Arregi Zestoako alkatearentzat, eta lau urtekoa gainontzeko akusatuentzat. Halaber, 30.000 euroko zigor ekonomikoa eta urruntze aginduak galdegin ditu guztientzat.
Bihar, ostirala, amaituko da Zestoako sei bizilagunen kontrako epaiketa. Biharko saioan, Fiskaltzak, akusazioak nahiz defentsak beren ondorioak aurkezteko aukera izango dute.