Zestoako Udaleko Gizarte Zerbitzuak akusatzailearen alde aritu zirela deklaratu du Arartekoak

Oihana Elduaien Uranga (Berria) 2025eko abenduaren 17a

Gaur ere, Zestoako Mugimendu Feministak deituta, auzipetuei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute saioa hasi aurretik epaitegiaren atarian. (Oihana Elduaien)

Zestoako sei lagunen kontrako epaiketaren bigarren egunean, "txiki-txiki eginda" eta "beldurtuta" zegoen lagunari nola lagundu zioten kontatu dute defentsaren lekukoek. Bihar, berriz, auzipetutako sei kideen txanda izango da.

"Beste epaiketa batean gaudela dirudi". Zestoako sei bizilagunen kontrako epaiketako fiskalak egin ditu hitzok gaurko auzi saioan. Izan ere, epaiketaren bigarren egunean defentsaren lekukoek deklaratu dute, eta salatzaileak jasan zuela dioen "hertsatzearen" arrastorik ez da agertu han. Alderantziz, "txiki-txiki eginda", "anulatuta" eta batez ere "beldurtuta" zegoen lagun bati laguntzeko egin zituzten ekintzen kontakizunak hartu du Donostiako Zigor Epaitegiko aretoa. Eta ez hori bakarrik: Arartekoaren letratuak deklaratu du, Zestoako Udaleko gizarte zerbitzuek modu partzialean jokatu zutela, akusatzailearen alde —udaleko langilea zen orduan eta da oraindik—, eta haren bikotekide ohi emakumezkoaren deklarazioaren «zati oso garrantzitsuak» txostenean jaso gabe; hain zuzen ere, "indarkeriari" buruzko zatiak.

Izan ere, gizon baten integritate moralaren kontrako delitua egitea egotzita, espetxe zigor eskaerei ari dira aurre egiten gizon horren bikotekide ohia eta bost lagun. "Tratu txarren gaia airean dago uneoro", esan du epaileak gaurko saioko une batean. "Ez dakit uneren batean lehertuko den gaia, baina epaile honek ez du auzi horren inguruko epairik emango"; nolanahi ere, kontakizun guztiak entzun ditu, eta baita oharrak hartu ere. Akusazioak bost urteko espetxe zigorra eskatzen du bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkate Mikel Arregirentzat (EH Bildu), eta lau urtekoa gainerakoentzat.

Epaileak erdi iragarri moduan, tratu txarren gaia lehertu dela esan daiteke, edo gutxienez entzun dira arrasto batzuk. Epaiketaren bigarren zatian salatzailearen bikotekide ohiaren lagunek deklaratu dute. Bien haurra eramaterakoan eta jasotzerakoan laguna bakarrik ez uztea erabaki zuten, "ez zegoelako ondo". Eta umea jaso eta uzteko une horietan jazotako hainbat gertaera kontatu dituzte. Adibidez, "begirada desafiatzaileak", "garrasiak"... Beti zeudela zain, zer gerta. Beti gertatzen zelako zerbait. "Guk ere beldurra genuen, nola ez zuen edukiko berak?", galdetu du batek.

Emakumezkoa erabat beldurtuta zegoen garai hartan. "Jota", "indarrik gabe". Lekuko guztiek esan dute hori. Lekuko batek zehaztu du egoera horretan ez zela gai "tratu txar" hitzak ahoskatzeko ere, nahiz eta kontatzen zuen apurretik hori ulertu zitekeen. Eta egoera horretan "beti umearen ongizatea" bilatu duela gaineratu du beste batek. 

Kontatu dutenez, harremana hautsi aurretik zetorren hori guztia. Emakumezkoa lagunengana joaten zenean, gehienetan haurrarekin bakarrik joaten zela kontatu du lekuko batek, baina orduan bikote zuenak etengabe deitzen ziola non zegoen eta noiz etxeratu behar zuen galdezka. Beste lekuko batek kontatu du elkarrekin asko ibiltzen zirela bi bikote, eta laurak bakarrik zeudenean, oso gaizki hitz egiten ziola askotan.

Epaiketako unerik gogorrenetakoa izan da gertaera horiekin akordatzea. Kontatzen ari zenari ez bazen, entzuten ari zenen bati malkoak atera zaizkiolako, behin baino gehiagotan. Hala ere, ez dira hautsi, eta ondo eutsi diete defentsaren galderei, eta baita kasu batzuetan akusazioko abokatuak eta fiskalak egindakoei ere. Azken bi horiek ez dituzte galdera gehiegi egin gaurko saioan, eta egindako galderetan ez dute lortu salatzailearen kontrako balizko ekimenen arrastorik ateratzerik. Bihar akusatuak beraiek dira deklaratzekoak, eta ikusteko dago zein jarrera hartuko duten. Espetxe zigor eskaeretaraino iritsi den auzia martxan jarri duen gizona gaur ez da auzitegian izan. Bai ordea sala bete jende, epaituak babestera.

Gizarte zerbitzuak, partzial

Salatzaileak dio Zestoako Gizarte Zerbitzuek auziaren inguruan hasieran egindako txostena manipulatu arazteko ahaleginean aritu zirela akusatuetako batzuk. Baina, salaketa hori bere kontra jarri zaio gaurko saioan. Maria Luisa Agirretxe Arartekoko letratuak epaiketan kontatu duenez, haurraren amak Arartekora jo zuen Zestoako Gizarte Zerbitzuen lanari buruzko kexu bat aurkeztera, eta beraz, ikerketa egin zutela. Berak Genero Indarkeria sailean lan egiten du, baina Ararteko erakundearen izenean hitz egiteko eskumena duela adierazi du. Eta ondorioa argia da: gizarte zerbitzuek ez zuten inpartzialki jokatu.

Akusatuen aulkian eserita dagoen emakumezkoari hartu zioten aurreneko deklarazioarekin txosten bat egin zuten gizarte zerbitzuetan. Baina, Arartekoaren arabera, han jaso gabe geratu ziren "datu oso esanguratsu batzuk". Zehazki "indarkeria matxistari buruzkoak" falta ziren. Tratu txarren salaketa formalik ez dagoenez, emakumezkoak esandakoak ez zituztela jaso adierazi du, baina nabarmendu du hori ezin dela egin nazioarteko araudiaren arabera. Jaso egin behar dela, eta entzun egin behar dela, eta egoeraren araberako arreta eta zaintza berezia eman behar zaiola emakumezkoari. Ezin dela jokatu testigantzarik ez balego bezala.

Eta hori bakarrik ez, gaineratu du, gizonezkoak umearen kustodiari buruzko auzian eduki zuen abokatuak Arartekoak berak baino lehenago jaso zuela Arartekoak berak eskatutako txosten bat. Eta hori onartu duela EAEko datuen babeserako agentziak ere. Beraz, bere garaian egin zuen txostenean ebatzitakoa azaldu du epaiketan: gizarte zerbitzuak ez zirela inpartzialtasunez aritu. Beraz, auzia beste leku batera bideratu behar zela esan du. Arartekoa ikerketa hori egiten ari zen bitartean, Zestoako Udalak ere tramite batzuk egin zituen txosten hori onbideratzeko. Hala azaldu zuen orduan EAJko zinegotzia zenak.

Arartekoak ere eman du salatuaren orduko egoeraren berri: "Erabat izututa zegoen", "atera ezin zuen zulo batean zegoen". Eta bere egitekoa ez denez tratu txarrak epaitzea, halakorik ez duela egingo esan du. Baina bai argitu du datuek adierazten duela biktimak halako beldurra duen kasuetan, askotan geratzen direla tratu txar horiek salatu gabe.

Bihar auzipetuen txanda

Gaur bigarren eguna izan du epaiketak, eta bihar, hirugarren eta azken aurreko saioan, auzipetuek deklaratuko dute. Atzo, berri, akusazioaren lekukoen txanda izan zen, eta salaketa jarri zuen gizona bera izan zen deklaratzen. Fiskalaren, akusazioaren eta defentsaren abokatuen galderei erantzun zien, eta zera kontatu zuen: bikote harremana bukatu berritan bikotekide ohiak semearen zaintzari uko egiteko eskatu ziola, eta ezezkoa eman zionean "bere bizitza hondatzea beste helbururik izan ez duen kanpaina bati" ekin ziotela bikotekide ohiak eta haren bost lagunek. "Sekula frogatu ez diren" berari buruzko "akusazio faltsuak zabalduz" bizitza soziala egiteko aukerarik gabe utzi dutela adierazi du, ohikoak zituen lekuetatik kanporatu dutela, eta berari bakarrik ez, bere familiari eta lagunei ere kalte egin dietela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide