Ikusmin handia eragin du Euskal Herriko Itzuliaren gaurko etapak eskualdean, Zarautzen hasi eta 156 kilometroko ibilbidean eskualdeko txoko ugaritatik pasatu baita: Getaria, Zumaia, Arroa, Iraeta, Meaga, Aizarnazabal, Aia, Beizama, Nuarbe eta Matxinbentatik igaro dira txirrindulariak gaur jokatu den hirugarren etapan.
Zarautzen hasi eta Beasainen bukatu den etapan zazpi mendate gainditu behar izan dituzte txirrindulariek; horien artean, Meaga, Santa Ageda eta Mandubia. Zarauztik abiatuta, kostako bidea hartu du lasterketak, Zumaiaraino; handik Zestoa aldera hartuta, Arroatik Iraetara iritsi, eta han Meagako mendatean gora igo dira, Aizarnazabalen zehar, Meagan behera Zarautzera itzultzeko, eta handik Aiara igotzeko.
Andazarraten behera utzi du eskualdea lasterketak, baina Tolosatik bueltan berriro itzuli da Urola Kosta aldera pelotoia, etapako bi mendate nagusiak igotzeko, hain zuzen: Santa Ageda lehendabizi, Beizamara jaitsi aurretik; eta Beizamatik jaitsi eta Nuarbetik Matxinbentaraino joanda, Mandubia.
Seigarren etapan ere (Eibar-Eibar) egingo ditu kilometro batzuk eskualdean aurtengo Itzuliak, Azurki mendatea igo ondoren Azkoitiko Madariagatik igaroko baitira txirrindulariak.