Zarauztik atera da gaur Itzulia

Aritz Mutiozabal 2025ko api. 9a, 15:50

Hegoaldeko aparkalekua txirrindulari taldeen elkargune bihurtu da eguerdian. Baina ez hori bakarrik, baita zaletuena ere. Irteera egin aurretik herritarrek beren lasterkari gustukoenekin argazkiak atera eta sinadurak ateratzeko aukera izan dute.

Ez dago Frantziako Tourrera joan beharrik txirrindularitzaren sukarra bizitzeko. Euskal Itzulia horren adibide da, eta geldialdia etxean egiten badu, are nabarmenagoa izaten da zaletasuna. Zarauztik abiatu da hirugarren etapa antolakuntzak iragarritako orduan, 13:27ak puntu-puntuan. Ordu aldrebesa, akaso, herritar asko lanorduan harrapatu dituelako, eta ikasle koskorrenak klasean. Hala ere, Itzulia Itzulia da, eta beti biltzen du jendea txirrindulariak txalotzeko eta animatzeko.

Baina lasterketa ez da hasi tropela Zuberoa kalean –kiroldegi aurrean– elkartu eta epaileak irteera eman duenean. Lehenago hasi da, ordu pare bat lehenago. Txirrindulari taldeen autobus erraldoi bezain koloretsuen desfilea egon da Araba kalean, non apurka-apurka iristen joan diren eguerdi aldera Hegoaldeko aparkalekura. Lasterkarien bizikletak kanpora atera, eta mekanikariek azken ukituak eman dizkiote; hala nola zera ongi estutzeko, gurpilak ongi puzteko edo botilatxoak jartzeko.

Bien bitartean, herritar kuriosoak bertaratu dira zer egosten zen ikustera, txirrindulari zaleak kaleko jantziekin (batzuk) edota errepideko bizikletarekin (beste batzuk), sinadura ehiztaria eta selfie lapurrak, eta herriko eskolatik irakaslearekin joandakoak... "Gora Euskaltel!" eta "Aupa Pello!" oihuka. Gaurko etapa Zarauztik abiatzea opari bat izan da, eta herrian afizioa sortzeko eta zaintzeko balio izan duela adierazi dute herritarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide