Nuarbe ere, euskal txirrindularitzaren festaren parte

Andoni Elduaien 2025ko api. 9a, 16:51

Andazarrate mendatean gora egin du ihes Bruno Armirail txirrindulariak, eta hura harrapatu nahian atzetik bizi-bizi eta luze-luze eginda igaro da tropela Beizamatik eta Azpeitiko Nuarbe auzotik.

2025eko Itzulia Beizamatik eta Azpeititik ere igaro da; hain justu, Beizamatik Azpeitiko Nuarbe auzora iritsi da txirrindulari lasterketa. Bruno Armirail (DAT) igaro da bi herrietatik lasterketa buruan, eta haren atzetik sartu da UAE taldeak zuzendutako pelotoia luze-luze eginda.

Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren etapa Zarautzen abiatu da. Kostaldeko herri horretatik abiatu da tropela 13:27ean, eta kostako bidea hartu dute aurrena txirrindulariek. Getaria zeharkatu dute aurrena, eta gero, Zumaiarantz egin dute horiek. Dena den, Meagan izan dute eguneko lehen mendatea, eta handik Zarautzera itzuli dira. Aiatik ere igaro da lasterketa, baina Andazarretik zehar utzi dute txirrindulariek lasterketa une batez; izan ere, Tolosaldeko zenbait herri zeharkatu eta gero, berriro sartu da Euskal Herriko Itzulia Urola Kosta eskualdean.

Hain justu, Santa Agedako mendatetik iritsi dira txirrindulariak Beizamara. Lasterketaren buruan Armirail iritsi da bai Beizamara, bai Nuarbera. Andazarrate mendatean gora jo du erasoa hark. Eguneko laugarren mendatea izan dute hura, bigarren mailako aurrena. Majo sumatu dute hango malda kirolariek; izan ere, ihesaldiko gizona harrapatzeko ahaleginetan zen pelotoi nagusia luze-luze eginda ailegatu da Nuarbera, baita haien atzean sortu diren hamaika tropeltxo txiki ere.

Nuarbetik Matxinbentara zuzendu dira txirrindulariak. Harrezkero, gainera, mugimendu ugari izan da tropelean eta  lasterketaren buruan. Hirugarren etapak Beasainen (Gipuzkoa) izango du amaiera. Aurrez, ordea, Goierriko eta Tolosaldeko hainbat herri zeharkatuko ditu gizonen txirrindulari lasterketak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide