Ondarroan (Bizkaia) arraunketaren maila goreneko lehen bandera lortu eta biharamunean, etxean aritu zen atzo, igandea, Getariako Esperantza trainerua. Eta nola ez, Getariako arraun elkartearen historiako liburuaren orri nagusienen artean gordetzeko datak izanik, herritar uholdearen babesa jaso zuen goiz-eguerdi partean.
Aurrena, herriko estropadan gogor aritzeko animoak emateko asmoz, dozenaka lagunek kalejira egin zuen musikariek lagunduta plazatik portuko arranpara. Jendetza bildu zen han, kolore guztietako zaleak, baina getariarrak nagusitu ziren kaian; kiroltasun handiz, gainera, etxekoek denentzako izan zituzten animoak. Nola ez, etxeko taldea hauspotu zuten gehien, haiek arranpara iritsi zirenean entzun baitziren oihu handienak.
Donostiako Donostiarra taldeak irabazi zuen Getariako bandera, denboraldiko bigarrena, Urdaibai taldearen aurka nor baino nor gehiagoko esprinta jokatuta; zortzi ehunenekoren aldeagatik lortu zuen bandera Donostiarraren Torrekua II ontziak.
Festa ez zen estropadarekin amaitu, ordea. Larunbat gauean herritarrek ongietorria egin zieten arraunlariei eta klubeko ordezkariei, baina, Getariako Udalak igande eguerdirako jarri zuen harrera ofiziala egiteko hitzordua. Kaian bildutako jendea kalejiran igo zen udaletxe aurreko plazara. 14:30erako zuten jarria hitzordua, baina, batzuk, musikariekin batera ordua baino lehenago igo ziren hara. Beste batzuk, berriz, nahiago izan zuten arraunlariek zeramaten Ondarroako banderaren atzetik igotzea. Jendetza batu zen hala udaletxe aurreko plazan, eta getariarrek gogotik ospatu zuten herenegun Ondarroan lortutako balentria; ez da gutxiagorako, izan ere. Esperantzak historia egin du, eta herria bidelagun izan du beti bezala.