Getariako arraun elkarteak historia egin zuen atzo, larunbata, Ondarroan (Bizkaia) arraunketaren goi mailako aurreneko bandera lortuta. Getariakoek Ondarroako 40. Bandera irabazi zuten bigarren txandan nagusi izanda. Udalak Gukari jakinarazi zion harrera ofiziala gaurko, igandeko, estropada jokatu ondoren egingo diotela udaletxean, baina herritarrek aurre hartu eta ongietorri beroa egin zieten arraunlariei, eta oro har, arraun elkarteko gainerako ordezkariei.
Jendetza batu zen udaletxe aurrearen errepideko bi bazterretan, eta "Esperantza, Esperantza" oihuka bost minutu inguru egin zituen arraunlariek herritarrekin batera. Furgoneta gainera igo eta bandera astintzera ere animatu ziren zenbait kide, eta besteak haren aurrean, errepide gainean, aritu ziren saltoka garaipena ospatzen. Herritar batek jasotako irudi hauetan ikusi daiteke atzoko ongietorria.
Atzoko garaipenak indar handia emango diete Getariako arraunlariei etxeko estropadari begira; izan ere, gaur, igandea, Getariako XV. Bandera-Igez Eraikuntza Sari Nagusia jokatuko dute herriko uretan, 12:15etik aurrera. Herritarrei eta zaleei goizago jarri diete hitzordua, baina. Aurrez, kalejira egingo dute plazatik Altxerri parera, 10:30ean hasita. Txistulariek, trikitilariek eta pandero jotzaileek lagunduta marea marroia osatuko dute, arraunlariek etxeko bandera borroka dezaten animoak emateko.
Kaian egingo diete Esperantza trainerukoei itsasoratu aurreko harrera, eta estropada amaitu ondoren, Getariako Udalak harrera egingo dio klubari udaletxean, handik gogoz astindu dezaten atzo Ondarroan irabazitako bandera. Ikusteko dago atzo Ondarroan bezala, gaur etxean ezustekoa emateko gai izango diren Getariakoak. Esperantza trainerua bigarren txandan arituko da traineru onenekin batera.