Ondarroako (Bizkaia) urak beti izan dira ezustekoetarako osagai, eta halaxe izan da gaur ere. Getariakoek balentria handia egin dute Ondarroako 40. Bandera irabazita. Bigarren txandan aritu diren lau traineruek egin dituzte eguneko denbora onenak, baina lauetan onena Getariako Esperantza trainerua izan da. Lau segundo eskas gehiago behar izan ditu Oriok bigarren sailkatzeko, ia 11 segundo gehiago etxean aritu den Ondarroak, eta 36 segundo gehiago Lekittarrak.
Caborena zen lehen txanda amaituta denbora onena, baina Getariakoak gogotsu bezain indartsu uretaratu dira, Unax Eizagirre patroiak estropadaren atarian aurreratu zuen moduan. Arraunketa luzea eginez hasi dute lau ontziek lana, eta lehen paladetan Orio eta Ondarroa aurreratu dira. Traineru denek ere nabarmen egin dute lehen luzean baborrera itsasoak ekar zezakeen atsedenguneren baten bila; Oriok lortu du lehen ziabogara aurretik iristea, baina zabal samar hartu dute, eta Ondarroakoek, etxekoek, hartu dute aurrea. Uneren batean epaileak ere sartu dira Orioko eta Ondarroako ontzien artean, eta bandera zuria altxatu dute Ondarroa Orioren kalean zela abisatzeko.
Aurreneko txandatik bigarrenera eguraldiak barealdia izan du, eta nola ez, horrek eragina izan du arraunlarien lanean. Hasieran txanda irabazteko lehia Orioren eta Ondarroaren artean egongo zela bazirudien ere, isil-isilik egin du aurrera Getariako Esperantza-k; Eizagirrerenek atzetik aurrera egin dute nabarmen bigarren luzean, eta lehia hiru ontzien artekoa bilakatu da hala. Dena den, hirugarren luzean ireki dute zuloa Getariakoek, eta Oriok soilik izan du haiei eusteko gaitasuna. Berriro ere lehia bi ontziren artekoa bihurtu da, baina oraingoan Urola Kostako bi ordezkarien artekoa; Esperantza eta San Nikolas ontziak nor baino nor gehiago.
Azken ziabogara Orio aurretik sartu da, baina Getaria atera da lehenago, eta Getariakoek ez dute alferrik galdu irabazitako tartea. Azken luzean, gainera, ia bi traineruko tartea zabaldu du Getariak; Orio hurbildu bai, baina Getariak eutsi egin dio abantailari. Helmugarako 200 metro eskasen faltan, ababorrera egin dute traineru guztiek olatuen mugimenduak baliatuta zerbait aldatuko zen itxaropenarekin, baina ez. Azkenean, Getaria aurrena, 21.19.16 denbora eginda, lau segundo eta 26 ehunenekora Orio, hamar segundo eta 72 ehunenekora Ondarroa eta 36 segundo eta 40 ehunenekora Lekittarra.
Txanda eta bandera
Getariakoena zen ordura arteko denborarik onena; txanda irabaztea lortua zuten ordurako, eta poza nabarmena zen Esperantza traineruan. Halere, aurpegietan zuten irribarrea ez zen soilik egindako lanagatik; azken txanda hasi aurretik nola zeruak hala itsasoak erakutsi duten aurpegia zeharo izan da iluna, eta jakitun ziren ohorezko txandako lau traineru onenek lana gogotik egin beharko zutela bandera irabazi nahi bazuten. Azkenean, txanda eta bandera Getariara.
Getariakoen poza haserrea ere bihurtu da uneren batean; izan ere, ohorezko txanda jokatu behar zuten traineruei asko kostatu zaie abiatzea, eta Getariakoen artean segituan piztu da lau traineruak denboralea baretu zain zeudenaren susmoa. Atzerapen pixka batekin, baina gogor abiatu dira Urdaibai, Zierbena, Donostiarra eta Hondarribia. Indartsu bai, baina denboralea bigarren txandan baino nabarmen kaskarragoa izan dute lau traineru horiek; lehen ziabogarako bigarren txandakoen denborak nabarmen hobeak ziren, eta laster hasi dira Esperantza traineruan bandera altxatzeko ilusioak egiten. Getariaren eta Urdaibairen artean –ohorezko txandaren buruan joan den trainerua–, hogei segundotik gorako tarteak eman dituzte, azken luzean iraultzeko kasik ezinezkoa Bermeokoentzat (Bizkaia).
Eta halaxe izan da. Urdaibaik, aurtengo denboraldiko traineru onenak, ezin izan du Getariak egindako lana hobetu, ezta bigarren txandan aritu diren beste hiru traineruenak ere. Poza egundokoa zen Esperantza traineruan, baita haien alboan zeuden entrenatzaile taldeko zodiakean ere. Kaian zeuden zaleak ere zoratzen, "Esperantza, Esperantza" oihuka; izan ere, ez da gutxiagorako, Getariak garaipen historikoa lortu du-eta Ondarroan. Gaurkoarekin, bosgarrenez irabazi du Bizkaiko udalerri horretako trapua, denboraldi honetako aurrenekoa. Halaber, gaurko lanaren ordainak bihar ere jasoko dituzte Getariakoek; izan ere, bigarren txandan lehiatuko dute etxeko banderagatik.
Bihar, etxean
Garai ezin hobean lortu dute Getariakoek bandera. Bihar, igandea, etxeko estropada, XV. Getariako Ikurrina-Igez Eraikuntza Sari Nagusia, jokatuko dute 12:15ean hasita. Aurrez, baina, kalejira egingo dute plazatik Altxerri parera, 10:30ean hasita. Txistulariek, trikitilariek eta pandero jotzaileek lagunduta marea marroia osatuko dute, arraunlariek etxeko bandera borroka dezaten animoak emateko.
Kaian egingo diete itsasoratu aurreko harrera, eta estropada amaitu ondoren Getariako Udalak harrera egingo die udaletxean. Batek daki Ondarroako bandera izango duten ospakizun edo hari etxeko trapua ere erantsiko dioten.
Ondarroako sailkapena
Hona hemen Ondarroako estropadako sailkapena eta denborak:
- Getaria (21.19.16)
- Orio (21.23.4 / + 4.26)
- Ondarroa (21.29.88 / + 10.72)
- Lekittarra (21.55.56 / + 36.40)
- Urdaibai (21.55.70 / + 36.54)
- Zierbena (22.07.34 / + 48.18)
- Donostiarra (22.12.72 / + 53.56)
- Cabo (22.33.00 / + 1.13.84)
- Kaiku (22.33.66 / + 1.14.50)
- Hondarribia (22.41.28 / + 1.22.12)
- San Pedro (22.49.50 + 1.30.34)
- Bueu (22.51.50 / + 1.32.34)