Getariarentzat eta getariarrentzat ahaztezina izan zen atzoko Ondarroako (Bizkaia) estropadaren ostean, gaur, igandea, haien herrian jokatu dute Eusko Label ligako hamabi traineruek asteburuko bigarren estropada, denboraldiko hemezortzigarrena. Dema estua jokatu dute Donostiarrak eta Urdaibaik ohorezko txandan, eta gaurko banderaren irabazlea erabakitzeko, epaileek helmugako argazkiari erreparatu behar izan diote. Hasiera batean megafoniatik garaipena bermeotarrentzat eman badute ere, argazkia ikusi ondoren Donostiakoei eman diete bandera. Hain justu, 20.59.48 denbora egin du Torrekua II traineruak, eta 20.59.46 Urdaibaik, zortzi ehuneneko gehiago, alegia. Ohorezko txandan, lehen bi traineru horien atzetik sartu dira Zierbena, hemeretzi segundora, eta laugarren Hondarribia, ia 35 segundora.
Eskualdeko traineruek estropadako bigarren txandan egin dute arraun, eta Urola Kostako taldeen artean Oriokoak nagusitu dira. San Nikolas ontziak maila ona eman du gaur ere, eta txanda irabazi du, 21:22.24 denbora eginda. Gainera, sailkapen orokorreko laugarrenak izan dira Getarian, ohorezko txandan aritu den Hondarribiak kale egin baitu gaur ere. Hori horrela, sailkapen nagusian laugarren postuan kokatu dira Oriokoak, 156 punturekin –154 puntu ditu Hondarribiak–.
Getariak atzo egin zuen balentria, eta etxeko estropadan ez du atzokoa errepikatzeko zantzurik eman. Orio txandako irabazlearen ondotik sailkatu dira, hurrenez hurren, Lekittarra eta Ondarroa, eta bi bizkaitarren atzetik sartu da helmugara Getaria, Oriok egindako denboratik 27 segundo eskasera. Hala eta guztiz ere, uretan lortu ez dutena kaian eta inguruetan irabazi dute Getariakoek; izan ere, goizean goizetik giro ezin hobea sumatu da herrian. Plazatik abiatuta, musikariekin batera kalejiran joan da marea marroia Altxerri pareraino, eta han txalo artean hartu dituzte traineru guztiak. Nola ez, txalo eta animo handienak Esperantza taldeko arraunlariek eta kideek jaso dituzte.
Gaurko estropadaren ondoren, txapelketa matematikoki erabakita utzi du Urdaibaik. Hamargarren aldiz irabazi du liga txapelketa Bermeoko (Bizkaia) traineruak. Halaber, Gorka Aranberri patroi zarauztarrak denboraldiko patroi onenaren saria ere irabazi du.
Datozen bi asteetan Eusko Label ligak etena izango du, iraileko lehen bi asteburuetako hitzordu nagusiari heltzeko: Kontxako estropada. Hain zuzen, asteazkenean eta ostegunean jokatuko dituzte sailkapen estropadak Donostian, asteazkenean gizonek eta ostegunean emakumeek. Guztira, emakumeen hogei traineru eta gizonen 23 ariko dira Kontxako estropada jokatzeko lehian, eta eskualdeko traineruak ere han izango dira. Gizonetan, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia ahaleginduko dira zazpi traineru onenen artean sartzen, eta emakumeetan, Orio, Zarautz eta Zumaia. Erlojupeko eran jokatuko dute sailkapena bi egunetan, 18:00etan hasita.
Hona hemen Getariako XV. Ikurrina-Igez Eraikuntza Sari Nagusiko sailkapena:
- Donostiarra (20.59.38)
- Urdaibai (20.59.46 / + 00.00.08)
- Zierbena (21.18.44 / + 00.19.06)
- Orio (21.22.24 / + 00.22.86)
- Lekittarra (21.30.56 / + 00.31.18)
- Hondarribia (21.33.42 / + 00.34.04)
- Ondarroa (21.44.24 / + 00.44.86)
- Getaria (21.50.12 / + 00.50.74)
- San Pedro (22.14.98 / + 01.15.60)
- Cabo da Cruz (22.15.58 / + 01.16.20)
- Kaiku (22.42.30 / + 01.42.92)
- Bueu (22.54.62 / + 01.55.24)