Historia da 'Esperantza', eta maitasun uholde bilakatu da herriko enparantza

Ihintza Elustondo - Andoni Elduaien 2024ko abu. 25a, 19:04

Getariak historia egin zuen atzo, Ondarroan arraunketaren goi mailako lehen bandera lortuta. Gaur, etxeko estropada jokatu ostean, herriak harrera egin dio arraun taldeari, dantza, kantu eta musika artean. Udaletxeko balkoira igo dira arraunlariak, eta gogotik astindu dute bandera.

Getariak historia egin zuen atzo, larunbata, Ondarroan (Bizkaia) arraunketaren goi mailako aurreneko bandera lortuta. Atzo bertan, herrira itzultzean, herritarren harrera beroa jaso zuten arraun elkarteko kideek, baina udalak gaur egin dio taldeari harrera ofiziala, etxeko estropada amaitu ostean. Ikusteko zegoen atzoko bolada onari eutsiko ote zion Getariako Esperantza-k, baina gaur, etxean, Getariako XV. Bandera-Igez Eraikuntza Sari Nagusian, Donostiarra izan da garaile, Urdaibairekin borroka estua izan ostean. Dena den, festa giroa izan da nagusi Getarian, eta gogotik ospatu dute atzo lortutako balentria.

Goizean goiz hasi da festa giroa Getarian. Arraun elkarteak eta udalak 10:30erako egina zuten deia, kolore marroiz jantzi eta kalejiran arraunlariei ongietorria egitera bertara zitezen herritarrak. Jende ugari bertaratu da kalejirara, eta guztiak elkarrekin portura joan dira trikiti doinuen artean, "Esperantza, esperantza" oihukatuz arraunlariei animoak ematera. Estropada jokatu dute ondoren, eta gaurko emaitza atzokoa bezain ona izan ez den arren, aurrez hitzartuta moduan, harrera egin diete Getariako arraunlariei udaletxean.

14:30erako zuten hitzordua jarrita, eta ordurako bete egin da udaletxearen aurreko plaza. Arraunlariak iritsi bitartean, kantuan eta dantzan aritu dira zaleak, eta haiek iristerako bero zegoen giroa. Kalejiran iritsi dira arraunlariak plazara, eta zaleak agurtu eta "Esperantza, esperantza" saltoka kantatu ostean, udaletxeko balkoira igo dira. Txandaka-txandaka Ondarroan irabazitako bandera astindu dute, zaleen oihu eta txalo artean, eta txanpain botilak ere zabaldu dituzte.

Asteazkenerako deia

Haritz Alberdi Getariako alkateak hartu du hitza, eta esan du "ikaragarria" dela asteburu honetan Getariako arraunlariek lortu dutena. Historian zehar Getariako taldeak eskuratu dituen banderak udaletxean jarrita daudela nabarmendu du, eta justu gaur jarriko dutenarekin beteko dela espazioa. Ondoren, Xabier Goikoetxea arraun elkarteko presidenteak hitz egin du, emozioa ezin ezkutatuta, eta zaleak asteazkenean Kontxako Banderarako sailkapen estropadara joatera animatu ditu.

Handia egin du Esperantza-k, eta handia izan da herriak itzuli dion maitasuna eta beroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide