Aho batez onartu dute kontrol finantzarioak mugatutako 2026rako udal aurrekontua

Julene Frantzesena 2025eko abenduaren 17a

Zazpi milioi euroren bueltako aurrekontua izango du udalak datorren urtean, eta hainbat inbertsio gauzatuko ditu, diru laguntza hainbati esker: eguneko arreta gunea egingo dute, Arroabeko igogailua martxan jarri nahiz Iraetako futbol zelaiko argiteria LED sistemara pasatu. Ekainberriko epaia tarteko udalak duen kontrol finantzarioak eragingo du datorren urteko udal jardunean ere; erakundeak kontrol hori izango duen azken urtea izango da.

Zestoako udal ordezkariek urteko azken udalbatzarra egin zuten atzo, asteartea; ez ohikoa izan zen, ohikoak ostegunetan egiten dituztelako. 20:00etan hasi zen bilkura, eta besteak beste, 2026rako aurrekontuez nahiz Zestoako Talde Feministaren mozioaz aritu ziren hizketan. Atzo hasi zen, hain zuzen, "elkartasun feminista adierazteagatik" auzipetutako sei lagunen aurkako epaiketa, eta kasu horri lotutako mozioa eraman zuten herriko feministek udalbatzar aretora; mozio hori udalbatzarreko lehen puntua izan zedin eskatu zuten, baina bilkuraren bukaeran landu zuten, hasiera batean aurreikusita zegoen gisan.

Mikel Arregi alkateak puntuz puntu aletu zuen gai zerrenda, eta aurreneko puntuan, 2026rako lan eskaintza publikoak izan zituzten hizpide. Izan ere, Zestoako Udalak hiru lanpostu beteko ditu datorren urtean: liburuzainarena, arkitektoarena eta udaltzainarena. Aho batez onartu zuten hiru kontratazio horiek egitea, lan eskaitza publiko bidez.

Kontrol finantzarioa, muga

Ondoren, udaleko bi alderdiek aho batez adostuta zituztela eta, 2026rako udal aurrekontuen gaineko xehetasunak modu laburrean azaldu zituen alkateak. Hark gogorarazi zuen, Ekainberriko epaia tarteko, datorren urtean ere bete beharko duela udalak Gipuzkoako Foru Ogasunak ezarritako plan ekonomiko finantzarioa, eta beraz, hiru baldintza bete beharko ditu: aurreko urteko ekitaldiko aurrekontua ez gainditzea, defizita zero izatea, eta zorpetze maila %30etik beherakoa. Dena den, gogorarazi zuen baldintza horien pean jardun beharko duten azken urtea izango dela datorrena, nahiz eta beste urtebetez "halabeharrez" aurreko urtean baino aurrekontu baxuagoa izango duten: zazpi milioi euro.

Udalaren inbertsio nagusiak izan zituen hizpide alkateak, eta adierazi zuen Kale Okerreko lokal batean –lehen Sabadell banketxearen egoitza zegoen tokian– eguneko arreta gunea egingo dutela. Aldundiaren diru laguntza bati esker jarriko dute martxan zerbitzua, 350.000 euroko laguntza jasoko baitu erakundeak. Zestoako zaintza ekosistemako gune soziala izango da, 2027an abian jarri nahi dutena.

Bestalde, Arroabeko igogailuaren proiektua ere sustatuko du udalak, aurten hasitako exekuzio fasearekin segituz. Horretarako ere diru laguntza bat eskuratu du udalak, eta datorren urtean bukatuko dituzte lanok. Halaber, Iraetako futbol zelaiko argiteria LED sistemara aldatuko dute, hala jaso baitute aurrekontuetako inbertsioen atalean. Bestalde, Arregik aipatu zuen zelaiko belar artifiziala aldatzeko premia ere badagoela, baina gaur-gaurkoz, ez dutela horretarako behar adina diru. Dena den, gai horri lotuta, EAJren bozeramaile Garikoitz Mendizabalek horretarako diru laguntzak lortzen saiatuko direla esan zuen.

Beste hainbat diru partida ere aipatu zituzten atzokoan, hala nola udal gobernuak EAJrekin adostu duen euskararen arlora bideratzeko diru kopurua, Zestoak "arnasgune izaten jarrai dezan". Horrez gain, 50.000 euro jarriko ditu udalak Kultur Etxearen berrikuntza proiekturako, eta alkateak adierazi zuen, gaur arratsalderako gaia lantzeko deitutako bilera bertan behera utziko dutela –aurrerago zehaztuko dute data berria–, Donostiako epaiketa tarteko –bera da auzipetuetako bat–.

Pozik agertu zen Arregi datorren urteko udal aurrekontua aho batez onartuta; izan ere, haren hitzetan, hauteskundeak gerturatzen ari diren heinean "ez da ohikoa" aurrekontuak aho batez onartzea, baibaitago "idatzi gabeko arau bat", hori egitea ahalbidetzen ez duena.

EAJ ados

EAJren bozeramaileak hartu zuen hitza segidan, eta hark esan zuen jarrera arduratsua eta eraikitzailea izan dutela aurrekontuen gaiarekin. Hark aitortu zuen udal gobernuaren aurrekontu proposamenarekin "hein handi batean ados" zeudela, Kultur Etxeko obren partidarekin salbu: "Desadostasuna dugu horretan, baina arlo sozialean eta inbertsioen arloan ados gaude. Kontrol finantzarioa dugunez, ulergarria da horrela jokatu behar izatea, dauzkagun mugak kontuan hartu behar dira". Hark adierazi zuen EAJk egindako proposamenak ere kontuan hartu dituela udal gobernuak, eta beraz, pozik agertu zen.

Aletu zituen, gainera, beraien proposamenak. Honako hauek dira Mendizabalek aipatutako proiektuetako batzuk: mugak digitalizatzeko proiektua berreskuratzea, Iraetako futbol zelaiko belarra aldatzea, markesinak nahiz autobus geltoki seguruagoak eta duinagoak jartzea, auzoetako aparkalekuak hobtzea, kirol esparruan euskara sustatzea eta Zestoan zinea liburua argitaratzea.

Hala ere, udal gobernuak hartutako erabakiak beteko al dituen ikusteko dagoela gogorarazi zuen: "Ea duela bi urte ez bezala orain hartutako konpromisoak betetzen dituzuen eta 2026an zuen konpromisoak betetzea oparitzen diguzuen; herriak eta auzoek eskertuko dute".

Kargu uztea

Aurrekontuak ez ezik, EUDELek proposatutako udal langileen soldata igoerak ere onartu zituzten aho batez, baita 2026rako ordenantza fiskalei behin betiko onespena eman ere. Halaber, irailean onartu zuten HAPOari alegazio "indartsuak" egin dizkiotela eta, jendaurreko epea luzatu egingo dute, talde teknikoak alegazioak behar bezala egin ditzan.

Gainera, zinegotzi kargua utzi zuen atzo EH Bilduko Zigor Plazaolak, eta bai alkateak, bai oposizioko buruak esker hitzak izan zituzten harentzat. Agintaldi honetan Zestoako Udalean izan den enegarren kargu uztea izan da; izan ere, EAJko nahiz EH Bilduko hainbat hautetsik utzi dute postua hiru urteotan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide