Hasierako onespena du Zestoako HAPOAk

Ane Olaizola 2025ko ira. 30a, 11:20

Zestoa Udalbatza, atzo, HAPOaren hasierako onespenari aldeko botoak ematen. (Urtzi Oteiza)

Zestoako Udalak aho batez onartu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin behineko dokumentua, eta jendaurrean jarriko du hiru hilabetez, herritarrek aukera izan dezaten alegazioak egiteko. Lehendik okupatuta zeuden lurrak erabiltzen segitzea izan da hirigintza plana diseinatzeko udalak lehenetsi duen irizpidea. 

Lanketa "luze" baten ondoren, Zestoako Udalbatzak atzo eman zion hasierako onespena Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO), aho batez. Aurreko agintaldian hasitako lanketaren "beste urrats bat" izan zen atzokoa; indarrean den agintaldiko "garrantzitsuenetakoa", Mikel Arregi alkatearen hitzetan. Baina udalerri osoaren antolamendu integralerako oinarrizko tresna nagusia izango den planak argi berdea jaso dezan, bide luzea geratzen da oraindik: izan ere, udalak behin behineko dokumentua idatzi eta onartuta, hiru hilabetez jendaurrean jarriko da txostena orain, herritarrek nahiz eragileek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak baieztatu beharko du plana lurralde gidalerroekin bateragarria dela, eta Zestoa 7.000 biztanletik beherako udalerria izanda, gero Gipuzkoako Foru Aldundiak eman beharko dio azken oniritzia. Alkateak adierazi zuenez, bederatzi bat hilabete iraungo dute aldundiaren zein Jaurlaritzaren esku hartze horiek, eta horrenbestez, azaldu zuen "zaila" izango dela agintaldia amaitzerako behin-betiko plana indarrean sartzea; baina ez ezinezkoa. 

Zestoako udalerriak dituen ezaugarri urbanistikoak eta landa eremuei dagozkienak aintzat hartuta landu du udalak behin behineko dokumentua, kontuan izanda herriak "azalera handia" duela eta "izaera desberdinetako auzo ugari" dituela. Alkatearen arabera, Zestoako lurren %85 landa eremua da, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra diseinatzeko orduan lehenetsi duten irizpide nagusia izan da lehendik okupatuta zeuden lurrak erabiltzen segitzea; hau da, espazio naturalei lekurik ez kentzea: "Ikuspegi jasangarritik begiratuta, iruditzen zaigu lehen garatu gabeko hiri lurzoru dezente duela Zestoak oraindik, eta beraz, esku hartzeak mugatu nahi ditugu eremu horietara". 

Zestoako hiri lurzoruak eremu osoaren %15 hartzen du, eta bizitegiek osatzen dute nagusiki. Eremu urbanizagarrian Zestoako herriguneak hartzen du lurzoru handiena, eta HAPOak aurreikusten du han gehienez 314 etxebizitza berri eraiki ahal izango direla; horietatik 118 alokairuzko etxebizitza sozialak izango lirateke, 62 tasatuak eta gainontzeko 117ak libreak. 

Estazioa bezala ezagutzen den eremuan ere aurreikusi dituzte aldaketak: Eusko Trenbide Sareak eta Eusko Jaurlaritzak Zumaiatik Azpeitira arteko trenbidearen gaineko desafektazioa egin gabe dute; hau da, sistema orokorrean jarraitzen du, eta herriak eremu hori "bereganatzeko estrategia" jarraituko du udalak datozen urteetan. "Ibaiari berriz emango diogu merezi duen protagonismoa, eta garapen bat egitea aurreikusita dago. Ibaiak mugatzeko bere garaian egin ziren esku hartzeen eraiste lanak egin beharko dira. Horrez gain, Eusko Trenbide Sarearekin ere negoziatu dugu trenbide birtuala —gaur egun ez dago– ibaiaren bestaldera pasatzea".

Bestalde, Arozena, Artetxe eta Don Pedro guneei kalifikazioa aldatuko diete. Orain arte, hotel erabilerarako izaera zuten horiek, baina azken urteetan itxita daudela jakitun, izaera mistoa izango dute HAPOa indarrean sartzen denean; hau da, etorkizunean aukera egongo da hotelak zein etxebizitzak egiteko eremu horietan guztietan. 

Plana, auzoz auzo

Arregik azpimarratu zuen ezaugarri desberdinetako auzo askok osatzen dutela herria. Hiri lurzorua dutenak Arroabea, Arroagoia, Iraeta eta Aizarna dira, eta gainontzekoak landa eremu gisa daude kalifikatuta, eta hala izaten jarraitzeko asmoa du udalak, auzoek beren "nortasunari" eutsi diezaioten. 

Arroabea da auzorik handiena, eta han azken urteetan ia 90 etxebizitza eraiki direla gogoratu zuen Arregik. Horrek eragin dezakeen "inpaktua" kontuan izanda, auzoaren "nortasuna eta garapena modu orekatuan" gauzatzea da udalaren asmoa, eta horregatik, auzo horretan gehienez 55 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da: horietatik 35 Eusko Jaurlaritzak lehendik martxan duen planaren barruko babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, eta gainontzekoak, libreak. 

Aizarnari, aldiz, "garatzeko ahalmena" eman nahi izan dio udalak, auzorik "barreiatuena" izanik, hango herritarrek beren bizi proiektua bertan gara dezaten: "Bistan da Aizarnak badituela natur gune interesagarriak, baina zerbitzu askotatik at geratzen da". Horregatik, auzo horretan, 28 etxebizitza libre eraikitzea aurreikusi du udalak HAPOan. 

Arroagoian, berriz, 11 etxebizitza libre berri eraikitzea aurreikusten da Santa Ana kalean eta haren ondoko eremuan; Iraetan, bestalde, gehienez hamahiru etxebizitza libre egitea jaso dute dokumentuan. 

Etxebizitza turistikoen erabilera ere jaso du HAPOaren hasierako dokumentuak, eta hain zuzen, udalak "mugatu" egingo ditu horiek, herritarren arteko "bizikidetza" oinarri hartuta. Planaren arabera, beheko solairuetan ezin izango da etxebizitza turistikorik egokitu, horien erabilera soilik arlo komertzialerako zein ohiko etxebizitzetarako izango delako. Etxebizitza turistiko bakoitzeko, gainera, gutxienez aparkaleku bat jarri beharko dute erabilgarri negozio hori martxan jartzen dutenek.

Sañoari izendapena

Landa eremuari dagokionez, bestalde, Arregik gogoratu zuen Jaurlaritzak duela gutxi bertan behera utzi duela Sañoa mendian egitekoak ziren Piaspe proiektu eolikoa, eremu hori "korridore ekologikoa" dela arrazoituta, Gazume, Hernio eta Izarraitzen arteko lotura egiten duelako. Hain zuzen, udalari iruditzen zaio Sañoak merezi duela izendapena izatea, baina mendi hori Zestoa, Azpeitia eta Errezil artekoa izanik, hiru udalerriek batera egitea proposatu zuen. 

Horrez gain, baserrietan gehienez bi etxebizitza eraikitzeko baimena ematen zuen orain arte Zestoako Udalak, eta HAPOaren behin behineko dokumentuan jaso du herritarrek ahalmena izango dutela eraikin bakoitzean hiru etxebizitza egiteko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide