Zestoako Udala 523.000 euro ordaintzera zigortu du Espainiako Auzitegi Gorenak

Aitziber Arzallus 2024ko urr. 31a, 17:36

Erakundeak atzo arratsaldean eman zuen epaiaren berri, eta ondorengo udalbatzarrean onartu zuten zigorrari aurre egiteko aurrekontu aldaketa.

Berri txarrak zestoarrentzat. Espainiako Auzitegi Gorenak Zestoako Udalaren kontrako epaia berretsi du Ekainberri museoaren bueltako lanpostu baten auzian, eta behin betiko epaia izanda, erakundeak 523.000 euro inguruko kalte ordaina eman beharko dio bide judizialera jo zuen herritarrari. Udalak atzo arratsaldean ohar bidez eman zuen Gorenaren erabakiaren berri, eta ondoren, iluntzean bertan egin zuten urriko udalbatzarrean, zigorrari aurre egiteko aurtengo udal aurrekontuan egin beharreko egokitzapenak eta aldaketak onartu zituzten.

Ekainberri museoaren bueltako auziak 1999an du jatorria. Museoa eraiki ahal izateko lurjabeekin hitzarmen bat sinatu zuen Zestoako Udalak, eta hitzarmen hartan, besteak beste, lurjabe bati udal lanpostu finko bat eskaintzeko konpromisoa hartu zuen erakundeak. Ondorengo agintaldietan auzi haren inguruan gorabeheraren bat izan bazen ere, 2017an egin zuen kontuak okertzera. Hain zuzen ere, lurjabeak udala salatu zuen 1999an sinatutako hitzarmena bete ez izanagatik eta, besteren artean, urte horietako guztietako soldatak ordaintzeko eskatu zion Zestoako Udalari.

2019ko urtarrilean Azpeitiko Epaitegietan izandako epaiketan, epaileak udala zigortu zuen ia 500.000 euroko kalte ordaina ematera, bere garaian hartu zituen konpromisoak ez betetzeagatik. Zestoako Udalak Gipuzkoako Lurralde Auzitegira jo zuen orduan, eta 2021eko maiatzean Azpeitiko epaileak esandakoa berretsi baizik ez zuen egin hark. Baina aukera guztiak baliatzea erabakita, eta zirrikituren bat egon zitekeela iritzita, Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea erabaki zuen Udal Gobernu berriak. Gorenak helegitea tramitera onartu zuen, eta horrek itxaropen puntu bat eman ziela aitortu zuen Mikel Arregi alkateak, baina itxaropen guztiak ezerezean utzi ditu bide judiziala bukatutzat eman duen behin betiko epaiak.

Oharrean zein alkateak bereak udalbatzarrean adierazi zuten "ikaragarria" dela udalarentzat inoiz lanik egin ez duen pertsona bati dirutza hori ordaindu behar izatea. "Baina injustizia hau gertatu bada, bere garaian gauzak oso gaizki egin zirelako izan da". Hasiera hartan lanpostu hura eskaintzea akatsa izan zela gaineratu zuen Arregik, eta baita epaiketa egin zenean, 2015-2019 legealdian hain zuzen, udalak bere burua defendatzeko baliatutako prozedura judiziala ere. "Bide zibil soiletik jo izanak eta orduko udal arduradun gorenaren lekukotasun negargarria tarteko epaia galdu izanak, ondorengo bidea erabat baldintzatu dute".

Zestoako Udalari epaiak dioena betetzea eta 523.000 euro inguruko kalte ordaina ematea beste erremediorik ez zaio gelditzen, eta horrek erakundearen kaudimen ahalmena erabat kaltetuko duela adierazi zuen Arregik. Gerakinetan zuen diru guztia erabali beharko ditu batetik, eta beste hainbat diru sail egokitu bestetik.

Udalaren zorpetze maila ona dela azaldu zuen alkateak, baina altxortegirik gabe geldituko denez, 2025eko aurrekontuak erabat baldintzatuta geldituko direla ohartarazi zuen. "Gaur egungo aurrekontuen egonkortze legea ere zurruna den arren, uste dut maileguren bat eskatzeko baldintzak beteko ditugula eta horretarako moduan izango garela, beste erremediorik ez baitugu izango; izan ere, 2025eko hainbat inbertsio dagoeneko martxan jarrita daude, diru laguntza garrantzitsu bati lotuta dagoen Arroabeko igogailuarena, besteak beste. Beraz, esanda bezala, zor maila onean dago udala, baina 2025eko aurrekontuek estuak izan beharko dute. Hala ere, gure onena emanda, espero dugu kolpe honek herritarrei ematen dizkiegun zerbitzuetan ez duela era kaltegarri batean eragingo, eta ea kapaz garen honi guztiari legealdi honetan buelta emateko".

Alkatearen hitzartzea eta gero, EAJren ordezkari Montse Atxegak hartu zuen hitza, eta auziaren inguruko ikuspegi desberdinak tarteko, ika-mika izan zuten Arregik eta biek. Dena dela, azkenean, aho batez onartu zuten aurrekontu aldaketa proposamena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide