Zestoako Udalak auzipetutako sei herritarren aldeko adierazpena onartu du, baina EAJren babesik gabe

Aitziber Arzallus 2025eko abenduaren 17a

Zsetoako Mugimendu Feministako hainbat kide atzo, Zestoako udabltzarrean. (Aitziber Arzallus)

Egunotan Donostiako Auzitegian akusatuen aulkian eserita dauden Zestoako sei herritarrei babesa adierazteko Zestoako Mugimendu Feministak aurkeztutako adierazpenarekin bat egin du Zestoako Udalak, baina EAJk ez du babestu adierazpen hori. Gaur, epaiketaren bigarren egunean, defentsaren lekukoek deklaratuko dute.

Abian da "elkartasun feminista" gauzatzeagatik Zestoako sei herritarren kontra atzo Donostiako Auzitegian hasitako makroepaiketaren bigarren saioa. Akusazioaren lekukoek deklaratu zuten atzo, eta defentsaren lekukoen txanda izango da gaur. Ostiralera arte iraungo du gizon batek 2018an jarritako salaketatik abiatuta gauzatzen ari diren epaiketak: integritate moralaren aurkako delitua egotzita epaituko dituzte salatzailearen bikotekide ohia eta hura babestu duten bost lagun.

Akusatuei babesa adierazteko ekimen ugari izan dira azken egunotan. Esaterako, larunbatean elkarretaratze erraldoia egin zuten herrian, Donostiako Auzitegiaren atarian ere atzo zein gaur elkarretaratzeak egin dituzte, eta atzo iluntzeko udaltzarrean Zestoako Mugimendu Feministak aurkeztutako adierazpen bat onartu zuen Zestoako Udalak, EAJren abstentzioarekin. Izan ere, Garikoitz Mendizabal EAJko kideak zehaztu zuen bere alderdiak ere babesa adierazten diela akusatuei, baina ez datorrela bat adierazpenean jasotzen den guztiarekin.

Adierazpenak dio, beste beste, abian den epaiketak ezin argiago erakusten duela "gizonen arteko konplizitate sareen eta anaidien funtzionamendua", eta baita "sistema judizialaren oinarri heteropatriarkala". Horregatik, ezinbesteko jotzen du "indarkeria matxista sostengatzen duten egitura eta mekanismo guztien aurka lerratzea eta epaituko dituzten sei herrikideen aldeko elkartasun feminista indartzea". Hain zuzen ere, EAJ baieztapen horiekin bat ez datorrela zehaztu zuen Mendizabalek, eta beharrezko jo zuen indarkeria matxista jasaten duten emakumeek salaketa jartzea, "horrek gauzak asko aldatzen dituelako". 

Hain zuzen ere, adierazpenak jasotzen du erasotzailearen kontra salaketarik jartzen ez denean, "beldurragatik, sistema judizialarekiko mesfidantzagatik edo beste hainbat arrazoiengatik" izaten dela, eta horixe dela Zestoako kasuan gertatutakoa. "Nola izan genezake konfiantza akusatuen aulkian indarkeria matxistaren biktima eta ez erasotzailea eseriko duen sistema judizial batengan? Elkartasuna adierazteagatik sei herrikidek egoera jasanezina bizi behar izan duten bitartean, herrian normaltasunez eta inpunitate osoz ibili da erasotzailea urte hauetan guztietan".

Udalbatzarrean ziren Mugimendu Feministako kideek hitza hartu zuten EAJri erantzuteko. "Adierazi duzue indarkeria matxistaren kontra duzuen konpromisoa erabatekoa dela eta zuen lehentasuna biktimaren babesa dela, eta aukera paregabea zenuten esandakoak praktikan jartzeko, baina kontrako norabidea hartu duzue". Emakumeak salaketarik jarri ez izana hari bizkarra emateko arrazoitzat erabiltzea leporatu zion Mugimendu Feministak EAJri, gogora ekarriz, indarkeria matxista kasuen %20tan besterik ez direla jartzen salaketak. "Baina hori bazenekiten, eta hala ere, erabaki duzue herrikide bat bakarrik uztea ez duelako salaketarik aurkeztu; eta erabaki duzue, era berean, emakume horri behar zuen laguntza eskaini dioten bost herritarri babesa ukatzea". Biktima bati sinesteko salaketa bat behar badu, indarkeria matxistaren funtzionamenduaz ezer ez dakitela esan zioten EAJri. 

Horrez gain, kasu bat epaietan den bitartean, haren inguruko "ekintza paraleloak" egitea ez dela komenigarria nabarmendu zuen EAJk, joan den larunbateko elkarretaratzea kasu. Eta Mugimendu Feministako kideek erantzun zioten "ekintza paralelo" deituriko horiek, elkartasun feminista direla, eta ezinbestekoak direla "hainbat urtez egoera jasanezina bizi izan duen herrikide bati babesa adierazteko". 

Adierazpena babestu ala ez bozkatu aurretik, Mikel Arregi alkateak hartu zuen hitza. Adierazi zuen, egunotan akusatuen aulkian eserita daudenetako bat bera izanik, ez zegokiola bozketa horretan parte hartzea, baina hitz batzuk esateko baliatu zuen abagunea. "Gizonezko heterosexuala naiz. Duela hamabost urte indarkeria matxista zer den galdetuta emango nuen erantzuna eta gaur emango nukeena ez dira berdinak. Ibilbide bat egin dut eta kontziente naiz oraindik ibilbide luzea daukala egiteko, eta hori eragiletza feministari zor diot, zor diot hori feminismoari, konbentzituta nagoelako duela hamabost urte baino pertsona hobea naizela, feminismoari esker". Herrigintza, herri eragiletza eta feminismoa inoiz baino beharrezkoagoak direla nabarmendu zuen alkateak, esparru askotan erakundeen aurretik joaten direlako, eta "gora borroka feminista" esanda bukatu zuen hitzartzea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide