Aizarnazabalgo sanmigelak 2025

Herriaren zaindariek suziria piztuta, sanmigeletan murgildu da Aizarnazabal

Ihintza Elustondo 2025ko ira. 26a, 22:46

Leire Lizartza medikuak eta Gorane Esteibar erizainak bota dute Aizarnazabalgo San Migel jaiei hasiera eman dien txupinazoa. Mari Karmen Arregi alkateak haiek herriaren alde egiten duten lana goraipatu du. Bertso eskolako ikasleak balkoirik balkoi kantuan aritu dira. 

Orain bai. Txupinazoa botata, San Migel jaietan bete-betean murgildu da Aizarnazabal. Goizean ere izan dituzte han jai giroko ekintzak, eta joan zen astean ere ospatu zuten Euskal Jai eguna herrian, baita helduen danborrada ere. Baina herrian osasun arretaz arduratzen diren Leire Lizartza medikuak eta Gorane Esteibar erizainak festen hasierako suziria gaur arratsaldean piztu dute, eta orduan bai, ofizialki murgildu da San Migel jaietan Aizarnazabal. 

Aldarriz betetako balkoian egin dute festen hasierako ekitaldia: euskal presoak etxeratzea eskatzen duen bandera ikus zitekeen alde batean, Palestinakoa haren ondoan, eraso matxisten aurkako kolore morea ere ez da falta izan, ezta Aizarnazabalen euskaraz bizi nahi dutela adierazten duen bandera ere. Hantxe, Mari Karmen Arregi alkatea erdian zela, hasi dute ekitaldia, azken urteetan bezala, bertso eskolako gaztetxoen saioarekin. Balkoitik balkoira aritu dira horiek kantuan, eta txalo zaparrada handia jaso dute segidan. 

Bertso doinuen ostean, alkateak hartu du hitza, eta aurtengo protagonistei zuzendu zaie: herriaren zaindariei, Lizartzari eta Esteibarri. "Zuen ondoan egoteak gure komunitatea sendotu egiten du. Zuen lana eta inplikazioa eskertzen ditugu. Horrela jarraitu urte askoan, mila-mila esker". Ondoren, Gazan bizi duten egoera ekarri du gogora: "Ezin dugu isilik geratu munduan entzuten diren albiste larrien aurrean. Palestinako egoerak gure pena eta kezka pizten ditu. Hemendik gure elkartasuna, bakea eta duintasuna biztanle guztientzat. Indarkeriaren eta kolpearen bidean, gertatzen ari denaren aurka gaude". Bukatzeko, "bakea, dantza, kantua, alaitasuna eta beti elkarrekiko errespetua" aldarrikatu ditu, eta mikrofonoak orduantxe funtzionatzeari utzi badio ere, ozen esan du: "Gora zuek eta gora sanmigelak!".

Suziria piztea, "ohorea"

Esteibar erizainak hitz egin du ondoren. "Ohore bat da guretzat gaur hemen egotea, baita zuen komunitateko parte txiki bat izatea ere. Eredugarria da zuen eskuzabaltasuna eta elkarrekin egiten duzuen lan guztia. Horregatik, eskerrik asko", esan du. Haren ostean, Lizartza medikuak hartu du hitza: "Guretzat plazera da egunero hona lanera etortzea. Eskerrik asko zuen harrera goxoagatik. Bion partetik eskerrak, horrelako beste festa asko ospa ditzazuela, eta ondo pasatu eta gora sanmigelak!". 

Jarraian, suziria piztu dute, eta hura zeruan lehertu denean, hasi da festa. Herri afaria izan da gaurko hitzordu nagusienetako bat, eta herritarrek ez dute hutsik egin: 300 bat lagun elkartu dira mahaiaren bueltan. 

Egitaraua

Bihar, larunbata

  • 11:30. XVI. Artzain Txakur Txapelketa. Antolatzailea: Artxate kooperatiba.
  • 12:30. Esku pilota, XV. Joxe Larrarte Memoriala.
    • Emakumeak: Iera Iturriaga-Naroa Agire vs Aldaregia-Maite RL Mugika
    • Gizonak: Aritz Olaizola-Oier Alonso vs Xabat Sasiain-Julen Odriozola
  • 16:30. Herrialde desberdinetako postre lehiaketa. Antolatzailea: Gure Plaza Txo!
  • 17:00. XIX. Mus eta Eskoba Txapelketa.
  • 18:00. Kale antzerkia: Eutsi Ramon (Trapu Zaharra).
  • 19:30. Kitadelpare txaranga.
  • 20:00. Bokadilloak, txosnan. 
  • 23:00. Kontzertuak: KAKK, Merina Gris eta Hidalgo DJa. Gaztetxean: Kanpax, Indate eta Tximas.

Etzi, igandea

  • 10:30. Kalejira, herriko trikitilariekin.
  • 12:30. Meza.
  • Meza ondoren, umeen danborrada.
  • 18:00. Herri kirolak.
    • Aizkolariak: Iker Vicente-Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a vs Julen Alberdi Txikia IV.a - Ugaitz Mugertza Mugertza II.a.
    • Harri jasotzaileak: Mikel Lopetegi Urra, Unax Iruretagoiena Izeta VII.a, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga, Paulo Azpiazu.
  • 20:00. Bull DJa.

Irailaren 29a, astelehena. San Migel eguna

  • 10:30. Kalejira, trikitilariekin.
  • 11:30. Meza.
  • Meza ondoren, 39. Sagardo Lehiaketa eta Bolo Txapelketa.
  • 17:30. Harritzearen abilezia ikuskizuna, Hodei Magoarekin.
  • 19:00. Estampas de Mexico mariatxia.
  • 20:30. Adiskidekoen otarrearen zozketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide