Bero esnatu da, tenperaturaz, Euskal Jai eguna, eta bero ekin diote egunari aizarnazabaldarrek; bereziki, eguerdian plazan herri kiroletan indarrak neurtu dituzten hemezortzi herritarrek.
Eguneko lehen izerdiak, hala ere, ttuntturroenak izan dira, haien kalejirak esnatu baitu herria. Baserritarrez jantzitako adin guztietako herritarrak kalera irteten joan dira pixkanaka eguerdirako. Eskola azpian goizetik bazkaritarako paella jana prestatzen aritu direnek ere bota dute izerdirik, baina berotu handiena, esan bezala, herri kirol lehian aritu diren herritarrena izan da. Bederatziko bi taldetan banatuta, zuriak batetik eta beltzak bestetik, seina gizon eta hiruna emakume, lokotx biltzen, txinga eramaten, trontzan, ingudearekin, zaku lasterketan eta giza proban lehiatu dira, proba bakoitza birritan errepikatuz; eta, bigarren txandan, giza probaren ondoren korrika bukatu dute lehia. Lehia oso parekatuaren ondoren, talde zuriak irabazi du; hala ere, beltzek hartu dute ordaina, ikuskizuna borobiltzeko egin dituzten sokatirako bi tiraldietan aise nagusitu baitira. Batzuek zein besteek jaso dituzte itzalean babeslekua aurkitu duten ikusleen txaloak eta animoak, ondo merezitakoak.
Gauean, danborrada
Bero handiarekin aritu dira nor baino nor kirolariak, baina haien lanak bukatu eta gutxira hasi da haizea aldatzen. Horrela, eguerdian baino freskoago ibili ahalko dira Euskal Jaiaz gozatzen Aizarnazabalen, festa giroa berotzen joango den arren.
260dik lagun elkartuko zituen paella janaren ondoren, bingo musikatua eta elektrotxaranga izango dituzte gauera bitartekoa osatzeko. Eta 22:30ean hasita, helduen danborrada herrikoia. Hau da Euskal Jai egunari gelditzen zaizkion orduetarako festa egitaraua:
- 16:30. Bingo musikatua. Antolatzailea: Gure Plaza Txo!.
- 19:00. Ostikada elektrotxaranga.
- 22:30. Danborrada herrikoia. Parte hartzaile guztiak 22:00etan elkartuko dira Zubialden.
- 00:15-03:15. Bide Batez taldearekin dantzaldia.
- Ordu txikitan, txosnako giroa.
(Argazkiak: Mailo Oiarzabal eta Gotzone Larburu)