Aizarnazabalgo sanmigelak 2025

Danborrada herrikoiarekin borobildu dute Euskal Jai eguna Aizarnazabalen

Mailo Oiarzabal 2025ko ira. 21a, 09:20

Euria eta ekaitz giroa tarteko, Zubialdetik abiatzekoa zuten ibilbide luzeari uko egin behar izan zioten, baina herriguneko kaleak behintzat zeharkatu zituzten, eta udaletxe aurrean bukatu zuten festa.

Danborrada herrikoiarekin borobildu zuten atzo gauean Aizarnazabalen Euskal Jai eguna. Egun osoko festa betea izan zuten atzo herrian. Berotik ekin zioten egunari, baina arratsaldetik aurrera bestelako kontuak izan zituzten eguraldiari zegokionez. Euriak eta ekaitz giroak hartu zuten goiz-eguerdi parteko bero saparen lekua, eta eragina izan zuen aldaketak danborradan ere.

Izan ere, euria eta ekaitz giroa tarteko, Zubialdetik abiatzekoa zuten ibilbide luzeari uko egin behar izan zioten danborradako ehun bat partaideek. Horrela, eskola azpian elkartuta, hantxe egin zituzten beroketa lanak. Bi taldetan banatuta, danborrak batetik eta barrikak bestetik, zuzendari banaren aginduetara, bidea irekitzen bost banderadun eta bi taldeen erdian Zumai txaranga zela, danborrada hasteko ezarritako ordura arte ia (22:30) mantendu zituzten zalantzak, ibilbidea nondik nora egin. Azkenean, herriguneko kale buelta egitea eta danborrada udaletxe atarian bukatzea ebatzi zuten; obrak tarteko itxita dago udaletxea, baina danborradako banderadunak balkoira igotzeko ireki zituen atzo gauean ateak.

Eta azken geldialdi horretara arte eutsi zion gauak ateri, baina bustita bukatu zuten azkenean danbor jotzaileek.

Datorren asteburuan, berriz

Sanmigelen egitarauaren barruan baina atariko gisa ospatu dute aurten ere Euskal Jai eguna Aizarnazabalen. Horrenbestez, herriko festa nagusien segida luzeena datorren ostiralean hasi eta irailaren 29an, San Migel egunarekin, bukatuko dute.

Hona hemen, sanmigelen egitarau osoa:

Irailaren 26a, ostirala. Umeen Eguna

  • 10:30-13:00 / 15:30-17:00. Umeentzako jolasak, jolas parkea eta apar festa. Arratsaldean, txokolate jana izango dute jarraian.
  • 19:30. Txupinazoa.
  • 21:00. Herri afaria (herriko plazan, eguraldia lagun badute). Txartelak salgai daude Uztarrin, 23a arte (asteartea), helduenak 27 eurotan eta umeenak (14 urtekoak barne) 13 eurotan.
  • 21:30. Andoni Ollokiegi, afaria girotzen.
  • 00:30-03:30. Fun&Go taldearekin berbena. Gaztetxean: Maikiño eta Fuky.
  • Goizaldean, txosnan, euskaraokea. 

Irailaren 27a, larunbata

  • 11:30. XVI. Artzain Txakur Txapelketa. Antolatzailea: Artxate kooperatiba.
  • 12:30. Esku pilota, XV. Joxe Larrarte Memoriala.
    • Emakumeak: Iera Iturriaga-Naroa Agire vs Aldaregia-Maite RL Mugika
    • Gizonak: Aritz Olaizola - Oier Alonso vs Xabat Sasiain - Julen Odriozola
  • 16:30. Herrialde desberdinetako postre lehiaketa. Antolatzailea: Gure Plaza Txo!
  • 17:00. XIX. Mus eta Eskoba Txapelketa.
  • 18:00. Kale antzerkia: Eutsi Ramon (Trapu Zaharra).
  • 19:30. Kitadelpare txaranga.
  • 20:00. Bokadilloak, txosnan. 
  • 23:00. Kontzertuak: KAKK, Merina Gris eta Hidalgo DJa.

Irailaren 28a, igandea

  • 10:30. Kalejira, herriko trikitilariekin. Antolatzailea: Alaitsu musika eta dantza eskola.
  • 12:30. Meza.
  • Meza ondoren, umeen danborrada.
  • 18:00. Herri kirolak.
    • Aizkolariak: Iker Bizente-Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a vs Julen Alberdi Txikia IV.a - Ugaitz Mugertza Mugertza II.a.
    • Harri jasotzaileak: Mikel Lopetegi Urra, Unax Iruretagoiena Izeta VII.a, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga, Paulo Azpiazu.
  • 20:00. Bull DJa.

Irailaren 29a, astelehena. San Migel eguna

  • 10:30. Kalejira, herriko trikitilariekin. Antolatzailea: Alaitsu musika eta dantza eskola.
  • 11:30. Meza.
  • Meza ondoren, 39. Sagardo Lehiaketa eta Bolo Txapelketa.
  • 17:30. Harritzearen abilezia magia ikuskizuna, Hodei Magoarekin.
  • 19:00. Estampas de Mexico mariatxia.
  • 20:30. Adiskidekoen otarrearen zozketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide