Elkartasuna Plazara ekimenarekin 21.730 euro biltzea lortu du Zestoako Mugimendu Feministak

Maialen Etxaniz

Elkartasuna Plazara jaialdia Zestoan. (Maddi Txintxurreta)

Urriaren 17an egin zuten Elkartasuna Plazara jaialdia Zestoan, besteak beste, "elkartasun feminista adierazteagatik" epaitutako herriko sei bizilagunei gastu judizialak ordaintzen laguntzeko; izan ere, horiek 30.000 eurotik gorako gastuei egin beharko diete aurre. Zazpi urte iraun ditu prozesu judizialak, eta joan zen ekainean jakin zuten sei herritarrak absolbitu zituztela. 

"Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu Zestoako eta inguruko herritar guztiei zuen parte-hartzeagatik, inplikazioagatik eta erakutsi duzuen elkartasunagatik. Elkartasuna hitzetatik ekintzetara pasatu da". Hitz horiekin eskertu du Zestoako Mugimendu Feministak joan zen urriaren 17an jasotako babesa, eta jakinarazi du jaialdiari eta bestelako ekarpenei esker 21.730 euro bildu dituztela. "Kopuru ikusgarri honen atzean pertsona askoren ekarpena, ahalegina eta borondate ona daude. Bakoitzaren ekarpenak, txikia zein handia izan, berebiziko garrantzia izan du emaitza hau lortzeko", adierazi dute mugimenduko kideek ohar bidez.

Zestoako plazan egin zuten Elkartasuna Plazara jaialdia urriaren 17an, Mugimendu Feministak antolatuta, "borrokak merezi izan duela ospatzeko". Bi helbururekin egin zuten egun osoko jaialdia: bata, "elkartasun feminista" gauzatzeagatik joan den abenduan epaitu eta ekainean absolbitu zituzten Zestoako sei bizilagunei gastu judizialak ordaintzen laguntzea, 30.000 eurotik gorako gastuei egin beharko baitiete aurre; eta bestea, "elkartasun feministaren garaipena ospatzea eta aldarrikatzea". 

Zazpi urteko prozesu judizial luzeren ostean, aurtengo ekainean jakin zuten elkartasuna adierazteagatik epaitu zituzten sei herritarrak absolbitu zituztela. "Ez genuen gutxiago espero eta ez genuke gutxiago onartuko", adierazi zuten jaialdian. Hala ere, gogoratu zuten prozesu judizialak eragindako kostuei aurre egin behar dietela herrikideek. "Inoiz bizi behar ez zuten bidegabekeriari 30.000 eurotik gorako zama ekonomikoa gaineratu diete, eta horregatik ere bagaude hemen. Ekar dezagun beste behin elkartasuna plazara eta lagun dezagun bide latz honek eragindako zauriak orbaintzen".

Bidea aise arintzeko moduko kopurua bildu dute Zestoako Mugimendu Feministako kideek, eta eskertuta jakinarazi dute bildutako kopuruaren zenbatekoa: "Eskerrik asko bihotzez, guztion artean gauza handiak lor ditzakegula erakutsi dugu".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide