Zestoako Mugimendu Feministak antolatuta, Elkartasuna Plazara jaialdia egiten ari dira gaur, bi helbururekin: bata, "elkartasun feminista" gauzatzeagatik joan den abenduan epaitu eta ekainean absolbitu zituzten Zestoako sei bizilagunei gastu judizialak ordaintzen laguntzea, 30.000 eurotik gorako gastuei egin beharko baitiete aurre; eta bestea, "elkartasun feministaren garaipena ospatzea eta aldarrikatzea".
Eguerdian hasi dituzte jaialdiko ekitaldiak, eta ongi etorri ekitaldian, nabarmendu dute "garaipen bat ospatzeko gogoak eta beharrak" elkartu dituztela gaur. "Baina, ezinbestean, indarkeria matxistaren adierazpen onartezin berri bat aipatuz hasi behar dugu eguna. Bortxatu egin zutela salatu zuen emakume batek bere buruaz beste egin du Angelun [Lapurdi]. Argi utzi nahi dugu hori ere erailketa matxista dela, indarkeria matxistak 2026an Euskal Herrian eragin dituen beste lau heriotzak bezain larria. Nazkatuta gaude, haserre gaude, beste behin sistema patriakalak eta justiziak emakume bat babesik gabe utzi duelako. Nazkatuta gaude, baina ez gara nekatu: indarkeria matxistaren azken eraso bortitz horrek borroka feministan jarraitzeko beharra berresten digu, eta horretan segituko dugu aurrerantzean ere, hori egingo dugu gaur!", adierazi du Zestoako Mugimendu Feministak.
Gaurko jaialdia antolatu izanaren atzean bi motibo nagusi daudela gogora ekarri dute ekitaldian: "Bidegabeki epaitutako sei herrikideak absolbitu dituztela ospatzea da gaur egiteko daukagun gauzarik garrantzitsuena. Borrokak merezi duela erakutsi dugu, horregatik, gaur festa egingo dugu epaileen aurretik pasatu behar izan ziren sei lagunei babesa adierazteko, eta topa egingo dugu herri honen alde, borrokaren, justiziaren eta laguntasunaren aldeko apustu sendoa egin duzuelako guztiek. Eskerrak ematea dagokigu, elkartasun feministaren bidean lagun izan zaretelako. Beraz, eskerrik asko zazpi urte hauetan sostengu izan zaretenoi, eskerrik asko eskualdeko mugimendu feministei gure ondoan egoteagatik, eskerrik asko egun hauetan modu batera edo bestera ekarpena egin duzuenoi eta gaur lanean arituko den boluntario sareari; Elkartasuna Plazara jaialdia ez litzateke posible izango zuek gabe".
Prozesua erabat bukatzeko
Herriko sei epaituak absolbitu zituztela ekarri dute gogora, baina prozesua ez dela erabat bukatu nabarmendu dute: "Zazpi urte mingarriren ostean, prozesu judizialak eragindako zama ekonomikoari aurre egin behar diote auzipetuek orain; 30.000 eurotik gorako gastuari, hain zuzen ere. Eta hori da gaur Zestoako plazan elkartu gaituen bigarren motiboa. Orain arte bezala, elkartasun feminista praktikara eramango dugu gaur ere, eta jaialdi honetan lortuko dugun diru guztia bidegabeki epaitu zituzten herritarren zama ekonomikoa arintzera bideratuko dugu".
Elkartasun feminista aldarrikatuz amaitu dute ekitaldia: "Zabal dezagun elkartasuna plazara eta has dadila festa! Elkartasuna ez da delitua! Gora elkartasun feminista!".
Hitz horiek esan ostean eta Angelun gertatua salatzeko protesta egin ondoren, Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi bertsolariak aritu dira kantuan. 13:00etatik aurrera, Le Big Gibel taldearekin poteoa egingo dute, eta, 14:30ean, bazkaria izan da. Bazkalostean, poesia errezitaldiaren txanda iritsiko da. 17:00etan hasita, berriz, kontzertuak izango dira: Rodeo eta familia, Aizpea, Ke Lepo, Sara Zozaya, Ines Osinaga...
(Argazkiak: Maddi Txintxurreta)