Zestoako Mugimendu Feministak Elkartasuna Plazara jaialdiaren "balorazio oso positiboa" egin du

Ihintza Elustondo

Zestoako plaza leporaino beteta, atzo arratsaldeko kontzertuetan. (Maddi Txintxurreta)

Elkartasuna Plazara jaialdia egin zuten atzo, larunbatez, Zestoan, Mugimendu Feministak antolatuta, "borrokak merezi izan duela ospatzeko". Balorazio pausatuago baten faltan, atzoko egunak elkartasuna plazara eramateko balio izan zuela nabarmendu du Mugimendu Feministak.

Elkartasuna Plazara jaialdia egin zuten atzo, larunbatez, Zestoan, Mugimendu Feministak antolatuta, "borrokak merezi izan duela ospatzeko". Bi helbururekin egin zuten egun osoko jaialdia: bata, "elkartasun feminista" gauzatzeagatik joan den abenduan epaitu eta ekainean absolbitu zituzten Zestoako sei bizilagunei gastu judizialak ordaintzen laguntzea, 30.000 eurotik gorako gastuei egin beharko baitiete aurre; eta bestea, "elkartasun feministaren garaipena ospatzea eta aldarrikatzea".

Jaialdiaren biharamunean, Zestoako Mugimendu Feministak jaialdiaren "balorazio oso positiboa" egin du. "Oraindik goiz den arren atzokoari neurria hartzeko, Zestoako Mugimendu Feministak Elkartasuna Plazara jaialdiaren oso balorazio positiboa egiten du. Goizean goizetik dozenaka herritar inplikatu zen jaialdia posible izan zedin; muntaketa lanetan, ia 400 lagunentzako bazkaria prestatzen eta zerbitzatzen, barrako txandak egiten, garbiketa lanetan... Ezin eskertuago gaude haiekin guztiekin. Nabarmentzekoa da, halaber, bertsolariek eta musikariek jaialdira etortzeko eta egokitzeko egin duten esfortzua eta eskerrak eman nahi dizkiegu haiei ere. Balorazio pausatuago baten faltan eta diru kontuak egin aurretik, gorputzak esaten diguna adierazi genezake momentuz: elkartasun feminista plazaren erdigunera ekartzea lortu dugu!".

Jendetza egun guztian

Eguerdian, ongi etorri ekitaldia egin zuten, eta Angelun (Lapurdi) gertatua salatzeko protesta egin ondoren, Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi bertsolariak aritu ziren kantuan. 13:00etatik aurrera, Le Big Gibel taldearekin poteoa egin zuten, eta, 14:30ean, bazkaria izan zen. Bazkalostean, poesia errezitaldiaren txanda iritsi zen. 17:00etan hasita, berriz, kontzertuak izan ziren: Rodeo eta familia, Aizpea, Ke Lepo, Sara Zozaya, Ines Osinaga... 

Ekitaldi horien guztien artean, arratsaldean, hitz batzuk zuzendu zizkien Zestoako Mugimendu Feministak jaialdira bertaratu ziren guztiei. Lehenik eta behin, eskerrak eman zizkien beren aldarrikapenarekin bat egin zuten guztiei. Jarraian, minutuko isilunea gauzatu zuten Angelun bortxatua izan zela salatu ostean bere burua hil zuen emakumearekin gertatua salatzeko: "Indarkeria matxistaren azken eraso bortitz horrek borroka feministan jarraitzeko beharra berresten digu".

Ultraeskuinaren gorakada ekarri zuten erdigunera jarraian. "Sarri ohartarazten dugu ultraeskuinaren gorakadaz, heteropatriarkatuaren, kapitalismo basatiaren, kolonialismoaren, arrazakeriaren, transfobiaren indarraldiaz. Askotan aipatzen dugu gero eta gizarte indibidualistago batean bizi garela, komunitatea ahultzen ari dela. Guk, ordea, sinesten dugu elkartasuna dela bidea, elkartasunik gabe ez dagoela bidea egiterik. Horregatik, elkartasun besarkada antisionista bat Palestinako herriari; elkartasun besarkada antiarrazista bat Kaleko Afari Solidarioetako kideei; elkartasun besarkada transfeminista bat Euskal Udalekuetako lagunei; elkartasun besarkada feminista bat 2023ko azaroaren 30eko greba orokorrean zaintza sistema duina aldarrikatzeagatik isunarekin zigortu zituzten Zumaiako kide feministei. 2027ko apirilaren 17an elkar ikusiko dugu Bilbon, Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza sistema errotik aldatzeko deitu duen mobilizazio nazionalean. Eta, hori baino lehen, azaroaren 11ko greba orokorrean kaleetan ikusiko dugu elkar, antolakuntzak duelako etxebizitzaren negozioarekin bukatzeko giltza".

"Txalo zaparrada" auzipetuentzat

"Elkartasunean sinesten" dutela nabarmendu zuten Zestoako Mugimendu Feministako kideek. "Hain zuzen, joera indibidualistei planto egin dakiekeela demostratu zuten iazko abenduan akusatuen aulkian esertzera behartu zituzten Zestoako sei herritarrek. Elkartasunaren, zaintzaren eta laguntasunaren izenean, egoera gogorrenetan elkar eutsi zuten, eta eredu dira horregatik; eredu zarete horregatik! Gaurkoan bai; txalo zaparrada hau zuentzat da!".

Duela zortzi urte hasi zen sei herrikideen kontrako prozesua, eta bidea nolakoa izan den gogoratu zuten. "Espetxe zigorren mehatxua garondoan zuten, eta hala ere, inurri lanetan aritu dira urte luzez, egoera bortitz bat bizi duen lagunari laguntzea bidezkoa dela jakinda. 2025eko abendurako deitu zuten haien kontrako epaiketa, eta hasieratik esan genuen: oinarrian indarkeria matxista duen salaketari soilik justizia sistema matxista batek eman dakioke aterpe, eta beraz, Zestoako seien kontrako makroepaiketak agerian uzten du sistema judizialaren oinarri heteropatriarkala. Bidegabekeria handi horren kontrako erantzun herritarra, hala ere, erraldoia izan zen. Epaiketa hasi bezperatan, plaza hauxe bera goraino bete zenuten, ozen esateko elkartasuna ez dela delitua. Urola Kostako mugimendu feministak, Zestoako 30 eragile baino gehiago eta ehunka herritar elkartasun feministarekin konprometitu zineten. Epaiketak iraun zituen bost egunetan dozenaka pertsonak adierazi zenieten babesa bizitzako une gogorrenetako batean zeuden sei herrikideei. Jaialdi hau ez litzateke posible izango hasiera-hasieratik laguntzeko borondatea erakutsi duzuen eta gaur lanean zaudeten horiek gabe. Bejondeizuela txarrenari onena erakusteagatik!". 

"Zazpi urte luzeren ostean", aurtengo ekainean jakin zuten "elkartasun feminista gauzatzeagatik" epaitu zituzten sei herritarrak absolbitu zituztela. "Ez genuen gutxiago espero eta ez genuke gutxiago onartuko". Hala ere, gogoratu zuten prozesu judizialak eragindako kostuei aurre egin behar dietela herrikideek. "Inoiz bizi behar ez zuten bidegabekeriari 30.000 eurotik gorako zama ekonomikoa gaineratu diete, eta horregatik ere bagaude hemen. Ekar dezagun beste behin elkartasuna plazara eta lagun dezagun bide latz honek eragindako zauriak orbaintzen".

Amaitzeko, atzokoa ospakizunetarako eguna zela gogoratu zuten. "Borrokak merezi duelako, elkartasun feministak irabazi duelako! Gora elkartasun feminista! Gora borroka feminista!".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide