Urteko ospakizun garrantzitsuenetako bat da Zoroperi eguna, eta atzokoan nabarmen ikusi zitekeen herritarrak festa iristeko irrikaz zeudela, Zestoako kaleak jendez bete baitzituzten. Goizean, herriko plazaren eta Laranjadiren arteko joan-etorrian aritu ziren herritarrak, inguruko baserritarrek nahiz artisauek jarritako postuak arretaz begiratzen. Denetarik ekarri zuten ekoizleek: barazkiak, fruituak, gozoak, zukuak...
Segurako talogileen inguruan sortutako ilara luzera batzera atrebitu zirenek taloaz gozatu ahal izan zuten hamaiketakoaren orduan, eta gero, ohiturak agintzen duen eran, baba jana egin zuten herriko etxe eta elkarte ugaritan, baita Gaztetxean ere.
Eguerdian, Itxaropena taldeko kideek emanaldia eskaini zuten plazan, eta Zestoako trikitilariek lagunduta, dantzan jarri zituzten plaza bete zuten herritarrak ere.
Bien bitartean, 34. Barazki eta Fruta Lehiaketa, Urolako 26. Ezti Lehiaketa eta Zestoako 25. Sagardo Txapelketa jokatu zituzten. Lehenengo saria jaso zuten Igor Odriozola Zestoako erlezainak nahiz Karmen Etxeberria Bergarako baratzezainak, eta gustura jaso zuten aitortza.
Arratsaldean ere hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izan zuten zestoarrek, besteak beste, kirol jaialdi herrikoiarekin eta bertso poteoarekin, eta festak gauera arte iraun zuen.