Festa giroak irabazi du Zoroperi eguneko kirol jaialdian

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 26a

Berezia izan da aurtengo Zoroperi eguneko kirol jaialdia, omenaldia egin baitiete Naroa Agirre eta Jon Alberdi pilotariei. Festa giroa nagusitu da kirol proba herrikoian, eta azkenean, Abantzu taldeak irabazi du erronka.

Vamos al fronton abestiaren doinuak jendetza eraman du gaur arratsaldean Zestoako frontoira, Zoroperi eguneko kirol jaialdiaz gozatzera. Berezia izan da aurtengo ekitaldia, izan ere, omenaldia eskaini diete punta-puntan ari den Naroa Agirre herriko pilotariari eta Jon Alberdi azpeitiarrari. 

Aurtengoan, Abantzu eta Zestoa taldeak aritu dira lehian, eta giro paregabea sortu duen harmailak indartuta, trebe bete dituzte egin beharreko lanak: harri jasotzea, zaku eramatea eta lokotx bilketa. Paretsu ibili dira bi taldeak, baina azkenean, Abantzukoek irabazi dute erronka.

Proba herrikoia amaitu ostean, Udane eta Elene Ostolaza harri jasotzaileen erakustaldiak hartu du kantxa, eta atzetik, Txapei-Aizpuru eta Sasiain-Elizegi lehiatu dira pilotan.

Gazteak ziren nagusi Zestoako pilotalekuko harmailetan, baina herriko haurrek ere izan dute zoroperiez gozatzeko aukera, Kultur Etxeko Magiklown magia eta pailazo ikuskizunarekin.

Frontoiko eta Kultur Etxeko ekitaldiak bukatu ostean, Amets Arzallus eta Aitor Salegi bertsolariekin aritu dira poteoan herritarrak tabernaz taberna. Festa eguna amaitzeko, halaber, Obaneuke taldearen erromeria izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide