Eskuldeko lau bertsolari ariko dira kantuan aurtengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan: Eneritz Artetxe azkoitiarra, Oier Etxeberria azpeitiarra eta Aner Peritz zein Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarra. Joan zen ostegunean Azpeitian egindako txapelketaren aurkezpen ekitaldia baliatu zuen Gukak horiekin hitz egiteko –Mantxi ez zen izan aurkezpenean–, eta egitasmoari ekiteko prest daude aitortu zuten horiek.
"Ilusioa", "gogoa" nahiz "urduritasuna" aipatu zituzten horiek, atzera kontaketa hasita denean, eta txapelketak berarekin dakarrenaz eta txapelketaz jardun dute solasean. Izan ere, hirurek aurrenekoz parte hartuko dute Euskal Herriko deman. Dena den, Artetxe eta Peritz 2024ko Gipuzkoako Txapelketako aparretatik iritsiak dira, biek ala biek kantatu baitzuten finalean. Hala eta guztiz, Artetxek azaldu duenez, ez dago txapelketa bat bestearekin konparatzerik.
Eskualdeko lau bertsolariek bi saiotan abestuko dute. Etxeberriak eta Mantxik Altsasun (Nafarroa) dute hitzordua hilaren 26an, larunbatez, eta Eneko Araiztegi, Eñaut Martikorena, Imanol Uria eta Txaber Altube izango dituzte kantukide. Artetxek eta Peritzek hurrengo egunean, hilaren 27an, abestuko dute Lekeition (Bizkaia); agertokian izango dira bi horiekin batera Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Maddalen Arzallus eta Aroa Arrizubieta. Saioetarako sarrerak honako lotura honetan eskura daitezke.