Hasi da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako atzera kontaketa

Julene Frantzesena

Hasteko astebeteren faltan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aurkezpen jaia egin zuten atzo Sanagustin kulturgunean. Txapelketan parte hartuko duten bertsolari, epaile, gai jartzaile nahiz antolatzaile hainbat elkartu ziren atzokoan, eta lehen aldiz ikusi eta entzun zituzten horiek aurtengo txapelketako irudiak nahiz sintonia. Eskualdeko lau bertsolari ariko dira aurtengo deman. 

Hasteko astebeteren faltan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurkeztu zuten atzo Sanagustin kulturgunean. Barrura begirako aurkezpena izan zen atzokoa; izan ere, kultur adierazpide hainbatekin osatutako ekitaldiaren bueltan bildu ziren txapelketan kantuan, epaile lanetan, gai jartzen nahiz antolaketan ariko diren 40 bat lagun. Iritsi da unea, dena prest dute txapelketarako; hastea baino ez da falta.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak adierazitakoaren arabera, ez da kasualitatea atzoko ekitaldia Azpeitian egin izana. Izan ere, aurtengo txapelketaren sormen prozesuaren ernamuina izan da Dinamoa sormen gunea. Kulturaz kooperatibak eskainitako elkarguneari eta lanerako espazioari esker, otsailetik martxora bitartean sormen egonaldia egin zuten han txapelketaren irudiaz, soinuaz eta formaz arduratu diren sortzaileek. Atzoko ekitaldian parte hartu zuten horiek denek; izan ere, atzo aurkeztu zituzten egonaldian ondutako lanak. Sormen prozesu kolektibo hori txapelketarekin alderatu zuten: "Txapelketa sormen prozesu kolektibo bat da; elkarren kontra aritzekoa baino, elkarren alde aritzekoa, ezta?". 

Hain zuzen ere, aurkezpen ekitaldian sormena izan zen protagonista. Antton Telleriak gidatutako saioak asko izan zuen umoretik, barreak ere sortu zituen Sanagustinera joandakoen artean, eta sortzaileek zuzenean jardun zuten lanean. Irati Antia diseinatzaileak egin du aurtengo txapelketaren iruditeria, eta hura zuzenean serigrafiatzen aritu zen; Malen Agirre margolariak ondu du eszenografia –saioetan bertsolariek atzean izango duten olanaren irudia–, eta horixe margotzen jardun zuen. Sintonia ere atzo entzun zen lehen aldiz: Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatutako Lumik sortu du, eta Bilaka dantza taldearen dantzaz lagunduta aurkeztu zuten atzo. 

Eta nola ez; bertsotik ere izan zuen ekitaldiak. Izan ere, Andoni Egañak pare bat bertso kantatu zizkien hitzordura joandakoei, batez ere, txapelketan parte hartuko duten bertsolariei. Hark, gainera, kantuz jakinarazi zuen txapelketari ez zaiola gehiago Bertsolari Txapelketa Nagusia deituko, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa baizik. "Eskutan dugu Euskal Herriko/ Txapelketaren suzia/ eraitsi gendun kartzela ta orain/ kendu dugu nagusia/ iradokiaz sortu nahi dugun/ eraldaketa guzia".

Adarbakarra taldeak, berriz, Euskal kulturaren kolonoskopia sketcharen zati bat eskaini zuen. Umoretik nola, bestelakotik ere izan zen atzokoan: Ainhoa Urienek txapelketako lehendakaritzaren izenean hartu zuen hitza, Ander Elortegi eta Xabi Igoa ondoan zituela. Haren hitzetan, leiho handi bat da txapelketa, eta esan zuen leihotik patxadaz begiratzean jabetzen zarela leihoa bera zuri begira ari dela: "Ikasten eta hazten jarraitzeko bateragunea da txapelketa". Partaide guztiei ere zuzendu zitzaien: "Animo, aupa eta eskerrik asko; hemen gaituzue behar duzuenerako. Elkar zaingu, eta batez ere, dardara gozatu".

Hastear da

Txapelketa hastea baino ez da falta. Partaideak prest dira hitzaren eta errimaren jokoari ekiteko, eta bertsozaleak prest dira horiek egindakoarekin gozatzeko. Hilaren 19an, larunbatez, hasiko da txapelketaren aurreneko fasea, eta Hazparnen (Lapurdi) kantatuko dute aurreneko sei bertsolariek. Haren ondotik beste sei saio egingo dituzte.

Lehen faseko saio bakoitzeko irabazlea hurrengo fasera pasatuko da zuzenean, eta puntu gehien lortzen dituzten beste bertsolari hainbat ere bai. Finalaurrekoetan, gainera, 2022ko txapelketako zazpi finalistak batuko dira lehiara. 

Orotara, 50 bertsolari ariko dira aurtengo txapelketan, eta horietatik lau izango dira eskualdekoak: Eneritz Artetxe azkoitiarra, Oier Etxeberria azpeitiarra eta Aner Peritz zein Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarrak. Hemendik bi asteburutara murgilduko dira horiek lehiaren zurrunbiloan; izan ere, Etxeberriak eta Mantxik hilaren 26an kantatuko dute, Altsasun (Nafarroa); Artetxek eta Peritzek, berriz, hurrengo egunean, Lekeition (Bizkaia). Gainera, txapelketan parte hartuko duten epaileen artean izango da Urola Kostako bat: Unai Muniain zarauztarra. 

(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Ekaitz Zilarmendi)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide