Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala jokatu dute gaur arratsaldean zortzi bertsolarik Donostian, Ilunben. Alaia Martinek jantzi du txapela, Beñat Gaztelumendirekin buruz buru aritu ondoren. Saio gogoangarria eskaini dute bertsolariek, eta gogotik gozatu dute finalera joan diren 6.500 zaleek.
Eskualdeko bi bertsolari ere aritu dira kantuan gaur arratsaldean; hain zuzen ere, Aner Peritz zarauztarrak eta Eneritz Artetxe azkoitiarrak eserleku bana zuten gaur agertokian. Biek ala biek Gipuzkoako lehen finala zuten gaurkoa, eta lan oso txukuna egin dute, bertsoaldi ederrak osatu dituzte. Peritzek bosgarren postua eskuratu du, 617 puntu batuta, eta Artetxe zortzigarren sailkatu da, 574,5 punturekin.
Gaurko finaleko sari banaketa ekitaldian Gipuzkoako bertso eskoletako ordezkariak izan dira agertokian, eta Unai Gaztelumendik egindako irudi bana jaso dute bertsolariek. Artetxeri, esaterako, Haritz Etxeberria Ministro Erniarraitz elkarteko kideak eman dio zegokion saria, besarkada estu batekin batera. Peritzek, sari horrez gain, 25 urtez azpiko txapelketako bertsolari onenarena ere jaso du; Patxi Goikoleak eman dio Larraitz Iparragirre artistak egindako obra bat.
Martinek, Gaztelumendik, Peritzek eta Artetxek ez ezik, Oihana Iguaranek, Ane Labakak, Nerea Elustondok eta Andoni Rekondok ere kantatu due finalean. Zortzi bertsolariek 2026an jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela lortuta dute.
Honako hau da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finaleko sailkapena:
Alaia Martin: 1099,5 puntu.
Beñat Gaztelumendi: 1054,5 puntu.
Oihana Iguaran: 637 puntu.
Ane Labaka: 626 puntu.
Aner Peritz: 617 puntu.
Nerea Elustondo: 590 puntu.
Andoni Rekondo: 578,5 puntu.
Eneritz Artetxe: 574,5 puntu.