Kontxako lehenengo asteburuak utzitakoa, irudietan

Julene Sorarrain

Goizean goiz iritsi dira Orio, Getaria eta Zarauzko arraunzaleak Donostiako portura, arraunlariak animatzera, eta bertan izan dira azken uneraino. Izan ere, estropada amaitu bezain pronto, arranplara jaitsi dira gaurko protagonistak zoriontzera.

Kontxako Bandera zerbaitegatik bereizten bada, afizioaren parte hartzeagatik da, eta horren adibide garbia izan da gaur goizean Donostiako portuan sortu den giroa. Eguraldia lagun, ehunka arraunzale gerturatu dira Gipuzkoako hiriburura arraunlariak animatzera, eta Pasealeku Berritik nahiz Aquarium ingurutik zuzenean jarraitu dute urteko estropadarik esperoenetako bat.

Kontxako lehen asteburuak, ordea, emaitza gazi-gozoak utzi ditu eskualdean: emakumezkoetan, Orio eta Zarautz azken postuetan sailkatu dira gaurko jardunaldian; gizonezkoetan, Oriok distira egin du, baina Getariak azkenaurreko postuan amaitu du.

Dena den, Kontxan ez daki inork zer gertatuko den, eta ikusteko dago oraindik zer emango duen datorren igandeak. Emakumezkoetan, ohorezko txandan ariko dira Arraun Lagunak, Tolosaldea, San Juan eta Astillero. Orio eta Zarautz, berriz, lehen txandan lehiatuko dira. Gizonezkoei dagokienez, Oriok, Donostiarrak, Zierbenak eta Hondarribiak osatuko dute ohorezko txanda, eta Getaria, gaur bezala lehen txandan ariko da.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide