Emakumezkoen traineruak azken postuetan, Kontxako lehen jardunaldian

Julene Sorarrain

Arraun Lagunak, Orio, Astillero eta San Juan, gaur goizean, Kontxako Banderako lehen jardunaldian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Pronostiko guztiak bete dira Kontxako Banderako lehen jardunaldian, Arraun Lagunak izan baita azkarrena. Zarautz eta Orio, berriz, azkenaurreko eta azken postuan sailkatu dira, hurrenez hurren.

Kontxako Banderako lehen jardunaldia jokatu dute gaur goizean Donostian, eta iaz ez bezala, aurten baldintza hobeetan egin dute arraun. Lehen txandan, Zarautz, Hibaika, Tolosaldea eta Donostiarra irten dira, eta hasieratik atzean ibili da Enbata. Lehen luzean, Hibaikak markatu du erritmoa, baina itzulian gainontzeko ontziek olatuak aprobetxatzeko aukera izan dute, eta Tolosaldeak aurrea hartzea lortu du. Dena den, Donostiarrak ez dizkio lanak erraz jarri, eta une batez lehia estua izan da bi ontzien artean. Azkenean, Tolosaldeak lortu du txandako denborarik onena (10:58,86). Haren atzetik Hibaika sailkatu da (11:02,00), eta hirugarren Donostiarra izan da (11:02,94). Zarauztarrak, berriz, 11:07,76ko denboran helmugaratu dira.

Bigarren txandan, Orio, Astillero, San Juan eta Arraun Lagunak aritu dira, eta azken horrek, beste behin ere, aparteko ikuskizuna eskaini du uretan. Izan ere, nagusitasunez gailendu dira donostiarrak, eta 10:49,68ko denboran amaitu dute proba; bigarren egin duen San Juani ia hamar segundoko aldea atera diote (11:00,22). Hirugarren sailkatu da Astillero, San Juanengandik milaren eskasera (11:00,42), eta Orio laugarren izan da (11:08,14). Bigarren postuaren lehian gogor aritu dira San Juan eta Astillero. Orio ere bi ontzi horien parera iritsi da ziabogan, baina bigarren luzean tartea handitzen joan da.

Datorren igandean, hilaren 13an, ohorezko txandan ariko dira Arraun Lagunak, Tolosaldea, San Juan eta Astillero. Orio eta Zarautz, berriz, lehen txandan lehiatuko dira.

Hona hemen gaurko sailkapen nagusia:

  1. Arraun Lagunak: 10.49,68
  2. Tolosaldea: 10.58,86
  3. San Juan: 11.00,22
  4. Astillero: 11:00,42
  5. Hibaika: 11:02,00
  6. Donostiarra: 11:02,94
  7. Zarautz: 11:07,76
  8. Orio: 11:08,14

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide