Orio bikain Kontxako lehen asteburuan, eta Getaria azken postuetan

Julene Sorarrain

Orio, Donostiarra eta Getaria, gaur goizean, Kontxako Banderako lehen jardunaldian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Kontxako Banderako lehen jardunaldia jokatu dute gaur goizean. Orio eta Getaria batera aritu dira lehenengo txandan, eta emaitza gazi-gozoak utzi ditu estropadak: Oriok nagusitasunez irabazi du bai bere txanda, bai eguneko sailkapena; Esperantza-k ere dena eman du uretan, baina azkenaurreko postuan amaitu du sailkapen orokorrean.

Emakumezkoen txanda amaitu bezain laster, gizonezkoak uretaratu dira Kontxako Banderako lehen jardunaldia jokatzeko. Espero bezala, Oriok izan du estropadako lidergoa gaur, baina, dena den, eguneko izarrak etxekoak izan dira. Hain zuzen ere, Donostiarrak aparteko arraun ikuskizuna eskaini du gaurko estropadan.

Orio lehen txandan lehiatu da gaur, Getaria, Donostiarra eta Ondarroarekin batera, eta, hasiera batean estropadako garaipena ziurtatuta bazuten ere, donostiarrek ez dizkiete gauzak batere erraz jarri. Lehen minutuetan, dagoeneko, mirotzek tartea handitu dute gainerako ontziekiko, eta lehen luzean Getaria eta Ondarroa atzean geratzen joan dira, donostiarren eta oriotarren arteko lehia areagotzen zen bitartean.

Ziabogara iristeko metro gutxiren faltan, Donostiarrak aurrea hartzea lortu du, baina bigarren luzetik aurrera, Oriok markatu du erritmoa. Dena den, San Nikolas ontziko arraunlariek segundo gutxiko aldea atera diete donostiarrei helmugan. Oriok 19:51,60ko denbora egin du gaurko estropadan; hiru segundo geroago iritsi da Donostiarra (19:54,70), eta hirugarren egin du Getariak (20:40,98). Ondarroa, berriz, oso atzean geratu da, eta 20:54,04ko denboran helmugaratu da.

Hortaz, datorren igandeko ohorezko txanda Oriok, Donostiarrak, eta bigarren txandan lehen eta bigarren egin duten Zierbenak eta Hondarribiak osatuko dute; izan ere, Bermeok hiru segundoko zigorra jaso du interferentziagatik, eta behin estropada amaituta, ohorezko txandatik kanpoan geratu da.

Hona hemen gaurko sailkapen nagusia: 

  1. Orio: 19:51,60
  2. Donostiarra: 19:54,70
  3. Zierbena: 20:02,70
  4. Hondarribia: 20:14,94
  5. Bermeo: 20:15,62
  6. Lekittarra: 20:34,92
  7. Getaria: 20:40,98
  8. Ondarroa: 20:54,04

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide