Kontxako bigarren denborarik onena lortu du Orioko gizonezkoen traineruak

Mireia Galarza Bastida 2025ko ira. 7a, 14:19

Orioko zaleak, Kontxan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zodiakekin lotutako hiru segunduko zigorra ezarri diote Oriori, eta horrek, Zierbenarengandik hamar ehunera utzi du gizonezkoen trainerua sailkapen orokorrean. Getaria bosgarren izan da. 

Lerroburu asko utzi ditu gaurkoan Kontxako Banderako gizonezkoen lehen jardunaldiak. Lehiari dagokionez, Orio eta Zierbena ibili dira nor baino nor jardunaldia irabazteko, eta Oriori sartutako hiru segunduko zigorra dela eta, ehuneko batzuengatik bigarren postuarekin konformatu behar izan dute mirotzek. 

Estropada hasi aurretik gertatu da aipatzeko lehen gertakaria. Proba hasteko denbora oso gutxi geratzen zela, hiru segunduko zigorra ezarri diotela jakinarazi dio epaileak Orioko traineruari, antza denez, taldearen zodiaketako bat leku okerrean zegoelako. Behin proba hasita, Zierbenak oso zail jarri dizkio lanak Oriori, eta lehen luzean bi segundu atzetik ibili dira oriotarrak. Barruko indar guztia aterata, baina, bigarren luzea bizkaitarrek baino hiru segundu azkarrago amaitzea lortu du etxeko taldeak, 18:56.36ko denboran, alegia. Hori, beste era esanda, Kontxako bigarren denborarik onena litzateke, Bermeok 2017an lortutakoaren atzetik; urte horretan, bizkaitarrek 18 minutu eta 53 segundutan amaitu zuten Kontxako lehen jardunaldian estropada. 

Lorpenak-lorpen, zigorrak eragina izan du amaierako denboretan. Izan ere, bigarren luzean lortutako segundu horiek ez dira nahikoak izan jardunaldia irabazteko, eta Zierbenarentzat izan da denborarik onena. Zehazki, Aitor Lazkano patroiaren taldeak 18:59.26ko denbora lortu du, eta 18:59.36koa Aranberrirenak. Beraz, Kontxako bigarren jardunaldia hamar ehunekoren aldearekin lehiatuko dute oriotarrek. 

Beste taldeei dagokionez, Bermeok lortu du hirugarren denborarik onena, eta Donostiarra izan da laugarren azkarrena. Getaria, aldiz, eusten saiatu den arren, azken amaitu du bere txanda, eta bigarren txandan irtengo da hurrengo igandean. Esperantza gogor lehiatu da azken asteetako jardunaldietan erakutsi duen indarrarekin, baina txanden arteko haize aldaketak, zalantzarik gabe, eragina izan du emaitzetan.

Hona hemen sailkapen nagusia:

  1. Zierbena: 18:59.26
  2. Orio: 18:59.36
  3. Bermeo: 19:05.44
  4. Donostiarra: 19:15.06
  5. Getaria: 19:20.12
  6. Hondarribia: 19:21.86
  7. San Juan: 19:34.72
  8. Lekittarra: 19:42.86

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide