Eusko Label ligako hamazazpigarren jardunaldia jokatu da gaur Galizian, Bueun, eta Oriok ez du hutsik egin: hamahirugarren bandera bereganatu du, Zierbenarekin gogor borrokatu ondoren. Izan ere, estropada osoan zehar gertu-gertu izan ditu bizkaitarrak, eta aurretik ere jarri dira tarte batean. Kontuak kontu, gaurko garaipenarekin liga esku-eskura du Orio Arraunketa Elkarteko traineruak, 28 puntuko aldea ateratzen baitio Zierbenari. Okerrik ezean, beraz, bihar bertan matematikoki txapeldun bilakatuko da Iker Zabalaren taldea.
Haizea izan da gaurko beste protagonistetako bat. Ufada indartsuak aurreikusita zeuden arratsalderako, eta bete egin dira aurreikuspen horiek; gogorren, bigarren txandan jo du haizeak. Hain zuzen, Getaria lehiatu da txanda horretan, eta estropada ederra eginda, nagusitasunez gailendu da bere txandan, 20:43,52 denborarekin, Lekittarrari hamazazpi segundoko aldea aterata.
Xabier Goikoetxea Getariako klubeko presidenteak azken asteen eta gaurko estropadaren balorazio ona egin du, baina ohi bezala, zuhur mintzatu da gaurkoan ere: "Hiru aste daramatzagu oso onak, eta ea horrela jarraitzen dugun. Txanda irabaztea zen gaurko helburua ere, eta lortu dugu. Bihar ere asmo horrekin aterako gara. Kontxari begira, hankak lurrean eduki nahi ditugu. Sailkatzeko asmoz joango gara, noski, baina denek nahi dute gauza bera, eta errespetua zor zaio estropada horri", esan du.
Ohorezko txandari dagokionez, estropada hasieran buruz buru atera dira Orio eta Zierbena, eta aurreneko ziabogan ere batera-batera atera dira. Ondoren Zierbenak Oriori segundo bateko-biko aldea aterata egin du arraun, baina minutu gutxian Oriok berreskuratu egin du denbora, eta hiru segundoko abantailarekin ibili da azken luzean. Azkenean, bi segundoko abantailarekin irabazi du estropada, 19:55,62 denbora eginda. Zierbenak 19:58,04 denboran gelditu du kronoa. Haizearen gogortasuna kontuan hartuta, denbora ezin hobeak egin dituzte.
Gainerako traineruak oso atzean gelditu dira: 19 segundora Urdaibai, 41era Donostiarra, eta 47ra Getaria, hurrenez hurren.
Bihar eguerdian Aresen izango dute hitzordua, 12:20ean hasita, eta ondoren, Kontxari begira jarriko dira denak, ostegunean jokatuko dutelako sailkapen estropada, eta igandean, Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia.