Zarautz bigarren eta Zumaia seigarren, KAE1 ligako azken estropadan

Intza Trula 2025ko abu. 24a, 20:30

Zumaiako gizonezkoen trainerua atzo, Bilboko estropada amaituta. (Utzitakoa)

LIII. Castroko Bandera jokatu dute arratsaldean, eta Itsasoko Ama izan da txapelduna. Sailkapen orokorrean hirugarren amaitu du liga Zarautzek, eta bosgarren postuan egin du Zumaiak.

Euskotren eta Eusko Label ligak ez ezik, KAE1 liga ere gaur amaitu dute Zarautzek eta Zumaiak, Castroko uretan. LIII. Castroko Bandera izan dute helburu; Zarautzek bigarren amaitu du estropada, eta Zumaiak seigarren egin du.

Atzoko garaipenaren ondoren, indartsu ekin dio Telmo Deun ontziak estropadari. Bigarren txandan uretaratu da, Astillero, San Pedro eta Pedreña traineruekin batera. Zumaia hasiera-hasieratik jarri da estropadaren buru, eta San Pedro oso gertu zuela egin du lehen ziaboga. Bigarrenean, ordea, aldea handitu du Zumaiak, eta eroso jarri da lehen postuan.

Amaierara arte eutsi dio txandako bigarren sailkatuarekiko zuen tarteari, eta aise irabazi du, 21:39:09ko denbora eginda. 21:48:15ko denboran heldu da San Pedro, eta txandako hirugarren eta laugarren postuak Pedreñarentzat (22:03:35) eta Astillerorentzat (22:32:66) izan dira, hurrenez hurren.

Hala eta guztiz ere, hirugarren txandan geratu da gaurko bandera. Itsasoko Ama izan da guztietan azkarrena, eta Castroko bandera ez ezik, liga ere irabazi du Santurtziko traineruak. 21:05:30ko denboran heldu da txapelduna, eta jarraian egin du Zarautzek, 21:22:04ko denboran. Arkote sailkatu da hirugarren, 21:23:04ko denborarekin, eta Lapurdirentzat izan da laugarren postua, helmuga 21:45:43ko denboran zeharkatuta.

Seigarren denborarik hoberena egin du Zumaiak, lanak 21:39,09ko denboran amaitu baititu, eta bere aurretik heldu da Hondarribia (21:30,34). Hemen ikus daiteke gaurko estropadako sailkapena osorik.

Hori horrela, Itsasoko Ama da aurtengo KAE1 ligako txapelduna, 162 punturekin; Zarautzek hirugarren postuan amaitu du liga, Arkoteren atzetik, 138 puntu bilduta. Bere aldetik, Zumaiak bosgarren amaitu du denboraldia, 108 puntu eskuratuta.

Liga amaituta, horrela geratu da sailkapen orokorra: 

  • 1. Itsasoko Ama: 162 puntu.
  • 2. Arkote: 148 puntu.
  • 3. Zarautz-Gesalaga Okelan: 138 puntu. 
  • 4. Lapurdi: 119 puntu.
  • 5. Sukia-Zumaia: 108 puntu.
  • 6. San Pedro: 103 puntu.
  • 7. Pedreña: 85 puntu.
  • 8. Astillero: 78 puntu.
  • 9. Deusto-Bilbao: 77 puntu.
  • 10. Hondarribia: 61 puntu.
  • 11. Camargo: 49 puntu.
  • 12. Castreña: 47 puntu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide