Etxeko estropada lortzetik bi segundora geratu da Getaria

Mireia Galarza Bastida 2025ko abu. 24a, 14:27

Izugarrizko estropada egin du etxeko taldeak, baina Zierbena gehiago izan da azkenean. Nesketan, atzoko arantza ateratzea lortu du gaurko garaipenarekin Tolosaldeak, eta Euskotren ligako azken estropada irabazi du. 

Urduri eta tentsioz beteta azkenengo momentura arte. Horrelaxe egon dira gaurkoan Getariako estropada telebistaz nahiz aurrez aurre jarraitu duten guztiak. Izan ere, azkenengo unera arte ez da erabaki Eusko Label ligako Getariako XVI. Ikurrina-Ameztoi Sari Nagusia norena izango zen.

Etxeko taldea bigarren txandan irten da, Lekittarra, San Juan eta Hondarribiarekin batera. Hasiera hasieratik erakutsi dute beren nagusitasuna, eta atzoko tartea handituta lortu dute beren txandan lehen postuan sailkatzea Esperantzakoek. Izan ere, ia 25 segundoko tartea atera dio talde horretan bigarren egin duen Hondarribiari. 

Etxeko taldeak denborak oso goian jarrita irten dira Orio, Urdaibai, Zierbena eta Donostiarra lehiara. Lehen segondutik Zierbenako taldeak hartu du aurrea, eta Orio nahiko gertu izan badu ere, elastiko marroidun taldea izan da azkarragoa denbora osoan. Gorka Aranberriren taldeari tartea aterata, beraz, estropada irabaztea zuen helburu Bizkaiko taldeak. Aurkari zuzena zuen portutik begira, ordea: Getaria. Momentu batzuetan bandera etxean geratuko zela bazirudien ere, azkenean 3 segundo pasatxoko tartea atera dio Zierbenak Getariari, eta bigarren postua eskuratu du Esperantzak. Hirugarren postuan sailkatu da Orio, Getaria baino ia lau segundo geroago. 

Dena den, bandera lortu ez badute ere, herriak ez dio hutsik egin etxeko traineruari. Arranplan zain zeuden dozenaka eta dozenaka getariar, eta irrifarrez nahiz kantuan pozarren hartu dituzte arraunlari getariarrak egindako balentria ospatzeko. 

Sailkapen orokorrari begiratuz gero, Oriok lehen postuan jarraitzen du, 186 punturekin, eta Getariak seigarren, 123rekin. 

Hona hemen sailkapen orokorra, osorik:

  • 1. Orio Orialki: 186
  • 2. Zierbena Bahias de Bizkaia: 159
  • 3. Nahiz Homes Donostiarra: 151
  • 4. Bermeo-Urdaibai: 138
  • 5. Orsa Hondarribia: 127
  • 6. Getaria: 123
  • 7. Lekittarra: 82
  • 8. San Juan CMO Valves: 80
  • 9. Ondarroa Kide: 67
  • 10. Club de Remo Ares: 65
  • 11. Kaiku: 40
  • 12. CR Cabo da Cruz: 31

Gazitik gehiago gozotik baino

Euskotren ligako berriak ez dira atzokoak bezain onak izan Oriorentzat. Oriok atzoko hirugarren lekua hobetzea zuen helburu, liga are zapore hobearekin amaitzeko, baina atzoko joera ez da aldatu, eta Tolosaldearen eta Arraun Lagunaken artean erabaki da lehen postua. Hasieran, Donostiakoak izan dira azkarragoak, baina ziaboga eta gero atzoko arantza atera nahi eta lehen postuan jarri da Tolosaldea. 

Azken horrek irabazi du Getariako estropada, eta gertakari horrek izan du eraginik sailkapen orokorrean. Izan ere, Tolosaldeak 8 puntu eskuratu izanak parez pare jarri du Oriorekin sailkapen orokorrean, biak 105 punturekin. Berdinketa hausteko irizpideetan lehenengoak ez du balio izan, bi taldeek baitituzte bina garaipen ligako estropadetan. Hurrengo irizpidearekin erabaki da, beraz, ligako bigarren postua: azken garaipena lortutakoak erdietsi du postu hori. Horrenbestez, Tolosaldeak eskuratu du Euskotren ligako bigarren lekua, eta hirugarrena Oriok. 

Zumaia, bere mailan fin aritu da, eta ohi bezala, laugarren postua eskuratu du etxe alboko estropadan ere. 

Liga amaituta, horrela geratu da sailkapen orokorra: 

  • 1. Donostia Arraun Lagunak: 120 puntu
  • 2. Tolosaldea Arraun Kluba: 105 puntu
  • 3. Orio Orialki: 105 puntu
  • 4. Zumaia Delteco: 68 puntu
  • 5. S.D Remo Astillero Eneryt Servicios: 50 puntu
  • 6. Hibaika Jamones Ancin: 49 puntu
  • 7. Nortindal Donostiarra: 42 puntu
  • 8. Hondarribia Bertako Igogailuak: 37 puntu

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide