Azpeitiko azokan egin dute elkarretaratzea Zumaiako Auxiko grebalariek

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 6a, 13:07

Auxiko langileak gaur, Azoka Plazaren atarian. (Mailo Oiarzabal)

Joan den astean Zumaian eta Azpeitian egin bezala, LET-a salatu eta Azpeitiko enpresaren erantzukizuna aldarrikatu dute. Azpeitiko Azoka Plazaren kanpoan egon dira ordubetez, aste honetarako deitu dituzten hiru greba egunetako lehendabizikoan.

Sarralle taldearen Zumaiako Auxi enpresako langileak Azpeitira itzuli dira gaur, hamalau langileetatik hamar kaleratzea aurreikusten duen lana erregulatzeko txostenaren (LET) kontra protesta egiteko eta Sarralleren erantzukizuna aldarrikatzeko.

Apirilaren 30ean Zumaian eta Azpeitian egin zituzten protesta ekintzak Auxiko grebalariek. Zumaian, piketeak egin zituzten lehen orduetan enpresa aurrean, eta ondoren elkarretaratze bana Erribera kalean eta Eusebio Gurrutxaga plazan; Azpeitian, berriz, Sarralleren egoitza nagusiaren atarian eta Landetako biribilgunean egin zuten protesta Auxiko grebalariek. Gaur, astearteetako azokarekin bat eginez, Azoka Plazaren kanpoan zabaldu dute Auxi ERErik ez, Sarralle erantzule lelodun pankarta; 10:00etatik 11:00etara egon dira han.

Aurreko astean hasitako protesten bidetik, beste hiru greba egun deitu ditu ELAk Auxin; gaurkoa dute lehendabizikoa, eta ostegunean eta ostiralean ere greba egingo dute Zumaiako lantegi horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide