Auxi enpresako langileek hiru greba egun izango dituzte aste honetan

Maria Maya Manterola 2025ko mai. 5a, 15:41

Auxiko beharginak protestan, joan den asteazkenean, Eusebio Gurrutxaga plazaren parean.

Asteartean, ostegunean eta ostiralean egingo dute greba, ELA sindikatuak deituta. Enpresako zuzendaritzarekin bigarrenez bilduko dira asteazkenean, eta lanpostuei eusteko "plan errealista bat" egitea galdegingo diote.

Joan den asteazkenean lehen greba eguna izan zuten Auxi enpresako langileek, eta ELA sindikatuak jakinarazi du aste honetan beste hiru egunez –asteartean, ostegunean eta ostiralean– joko dutela grebara. Izan ere, sindikatuak jakinarazi du ez dagoela ados enpresaren zuzendaritzak planteatutako hamar pertsonako enplegu erregulazio espedientearekin, eta lanpostuak defendatzeko borrokan jarraituko dutela berretsi dute.

Enpresaren hamalau laguneko plantillari eta lanpostuei eusteko "plan errealista bat" egitea galdegin diote enpresako zuzendaritzari, eta horretarako, Sarralleri eskatu diote negoziazio mahaian eser dadin, "hura delako erabakiak hartzen dituena". Asteazkenean bilduko dira berriz ere enpresaren zuzendaritzarekin.

Bihar, Azpeitian

Grebaren berri eman eta lan gatazka gizarteratzeko zenbait protesta egiten ari dira egunotan langileak, eta jakinarazi dute bihar Azpeitiko Azoka Plazan izango direla goizean, 10:00etatik aurrera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide