Auxi enpresako langileak grebara joango dira zuzendaritzak egindako proposamenari ezezkoa eman ondoren. Bihar bertan piketeak egingo dituzte enpresak Estazioan duen egoitza aurrean, eta Basustabidean. Jarraian, elkarretaratzeak egingo dituzte Zumaian zein Azpeitian.
Apirilaren hasieran jakin zen BSTech enpresa taldeak Zumaian 24 langile kaleratzeko prozesua hasi zuela. Sarralle enpresa taldearena da BSTech eta, 2019an Lagun Artea erosi zuenetik, bere baitan hartu zituen Auxi (mekanizatua), Assembly (muntaia) eta Rollin-Mill (bulego komertziala) enpresak. Adierazitakoaren arabera, Auxiko hamalau langileetatik hamar kaleratzeko planteamendua egin zuten, Assemblyko hamaseitik beste hamar, eta Rollin Milleko hemezortzitik lau.
Erabaki horren atzean "arrazoi ekonomikoak" daudela iragarri zien zuzendaritzak langileei. Adierazi zienez, negozio aurreikuspenak ez dira bete, ez dira gai izan Sarrallek Zumaiako enpresak erostean egindako zorrari buelta emateko.
Bilera atzo
Mahaiaren bueltan eseri dira gaur goizez enpresako zuzendaritza eta langileen ordezkariak, lehenak aurkeztutako lan erregulazio espedienteaz hitz egiteko. Bilera luzeak ez du fruiturik eman eta langileek proposamenari ezezkoa eman diotela aurreratu dio ELA sindikatuak Gukari. "ELAk errefusatu egin du hamar pertsonako enplegu erregulazio espedientea (...) eta lanpostuak defendatzeko borrokatuko du. Ez bakarrik kaleratu nahi dituen hamar pertsonengatik, baita geratuko diren lau pertsonengatik ere, ez baitugu ulertzen enpresak lau pertsonarekin inolako bideragarritasunik izatea", adierazi du. "Horregatik eskatzen dugu lan espedientea kentzea eta plantillari eta lanpostuei eusteko plan errealista bat egitea», gaineratu du.
Hala, grebara joateko hautua hartu dute Auxiko langileek. Horren erantzule bakarra Sarralle enpresa dela ere nabarmendu dute. "[Lan gatazka] Sarralle Taldearen plan baten ondorioa da, Auxi enpresa horrena baita, gainetik kentzeko haiek hartu baitute erabakia".
Protesta ekintzak
Lan gatazka kalera eraman nahian, protesta ekintzak ere antolatu dituzte biharko egunerako. Goizean, 7:30etik 8:30era bitartean, piketeak izango dira enpresak Zumaiako Estazioko industriagunean duen lantokian. Ondoren, elkarretaratze bana egingo dute Zumaiako bi puntutan: 10:00etan Erribera kalean, magnolio parean, eta ordu erdi geroago, 10:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazan.
Jarraian, Azpeitira joango dira, eta han ere kontzentrazio bana egingo dute. Lehendabizi, 12:00etatik 13:00etara bitartean Sarralle enpresaren aurrean, eta haren amaieran, 13:30ean, Landetako biribilgunean.