Atzo arratsalde-iluntze partean haurrak izan baziren protagonistak Getarian San Anton bezperan, gaur, San Anton eguna, Getariako Txakolina jatorri izeneko upategientzat piztu dituzte foko guztiak, eta urteroko ekitaldi instituzionala egin ondoren, herritarrek 24 upategiren txakolin uzta berria dastatzeko aukera izan dute.
Adinekoek, helduek nahiz gazteek gustura busti dituzte zintzurrak, eta aurtengo txakolina ere ederra datorrela esan dute denek. Bai, behintzat, Gukak bideo honetarako elkarrizketatu dituenek. Itziar Eizagirre Getariako Txakolina jatorri izeneko presidentearen hitzak eta aurten Mahasti Jaun izendapena jaso duen Itsas Etxea kofradiako Miren Garmendiarenak ere bildu ditu Gukak ikus-entzunezkoan.