Txakolin berriari ongietorri jendetsua egin diote Getarian

Maria Maya Manterola 2025ko urt. 17a, 15:00

Urtero legez, San Anton egunez dastatu dute Getarian uzta berriko txakolina. Lehendabizi, Balenciaga museoan egin den ekitaldian erakundeetako ordezkariek, upategietako arduradunek eta Getariako Txakolina jatorri izendapeneko kideek eman dituzte aurtengo uztaren nondik norakoak, eta gero, 24 upategietako txakolina dastatzeko aukera izan dute herritarrek frontoian.

Iazko mahastien uzta San Anton egunez aurkeztu dute Getarian beste urte batez. Getariako Txakolina jatorri izendapeneko zenbait upategietako –Getariako, Zarauzko, Aiako eta Debako– arduradunak eta erakundeetako ordezkariak elkartu dira goiz partean Balenciaga museoan, aurtengo uztari buruzko datuak eman, eta lehenengo topa elkarrekin egiteko. 

Baxurako arrantza sustatu asmo duen Itsas Etxea kofradia izendatu dute aurtengo ekitaldian Mahasti Jaun. Sektorearen izenean Miren Garmendia OPEGIko zuzendaria izan da ekitaldian, eta gogoan izan ditu sektoreko kide guztiak; izan ere, Garmendiaren hitzetan, "atzelarien lan onik gabe zaila da aurrelariek gola sartzea". Txakolinaren ekoizpenak eta arrantzak, bi sektoreek "erronka bertsuak" dituztela esan du: datozen belaunaldiek erreleboa hartzea, batetik; eta sektorea modernizatzea, nortasuna galdu gabe, bestalde. 

Iaz baino % 10 gutxiago

Balenciaga museoko ekitaldia baliatu dute uzta berriko datuak aurkezteko. Itziar Eizagirre jatorri deiturako presidenteak hartu du hitza: aurten 2,5 milioi litro ekoitzi dituzte guztira jatorri izendapenean inskribatuta dauden upategiek, iaz baino % 10 gutxiago, hain zuzen. Graduazioari dagokionez, 11 graduko bataz bestekoa du txakolin berriak, eta ahoan "orekatua" dela nabarmendu dute, "azidotasun leunarekin". 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean izan da Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arruti, eta sektorearen bokazioa, dedikazioa, ilusioa, pasioa, formazioa, profesionalizazioa eta bisioa nabarmendu ditu. "Ezaugarri horiei guztiei esker daukagu daukagun produkzioa. Ondo joan dadila kontsumizioa, eta edozer dela ere, lagun izango duzue diputazioa", amaitu du hitzartzea.

Mugikortasun, Turismo, eta Lurralde Antolaketa diputatu Azahara Dominguezek, bere aldetik, turismoa sustatzeko "txakolinaren balioa" aipatu du. "Bisitariek arrasto positiboa utz dezaten funtsezko elementua da", azaldu du, ekoizleei eskerrak ematearekin batera. Horrez gain, "nortasunaren adierazle" da edaria, Dominguezen arabera. 

Txakolin freskoari ongietorri beroa

Behin Balenciaga museoko ekitaldia amaituta, 12:30ak aldera, txakolin berria dastatzeko elkartu dira ehunka herritar Getariako frontoian eta inguruetan, eguraldi ona lagun. Upategietako kideek pozarren eskaini diete herritarrei edari freskoa, eta hegaluze nahiz txorizo mokadutxoekin lagundu dute askok. 

Arratsalde partean jarraituko du festa giroak: herri kirolak izango dira Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek girotuta, 18:00etatik aurrera. Aizkoran Txikia IV.a, Izeta VI.a, Mikel Larrañaga eta Joseba Otaegi arituko dira. Harri jasotzen, berriz, Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Olaia Esnaola. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide