Korrika eginez agurtu dute urtea eskualdeko zenbait herritan

Erredakzioa 2024ko abe. 31a, 16:37

Azpeitiko San Silbestre lasterketako irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Abenduaren 31 da gaur, urteko azken eguna, eta San Silbestre lasterketarekin eman diote 2024ari amaiera eskualdeko herritar ugarik.

Ohikoa bihurtu da urtea korrika eginez amaitzea, eta ohitura horri jarraitu diote gaur eskualdeko zenbait herritan. Festa eta kirola uztartzeko asmoz, San Silbestre lasterketek hartu dituzte kaleak gaurkoan, eta bertako zein inguruko herrietako lagun ugarik parte hartu dute proba horietan.

Goizean Aizarnazabalen, Azpeitian, Getarian, Orion eta Zumaian jokatu dituzte San Silbestre probak. Arratsaldean egingo dituzte, berriz, Aian, Zarautzen eta Zestoan.

AIZARNAZABAL

Umore onean eta korrika eginez agurtu dute urtea eguerdian Aizarnazabalen. 60 bat lagunek parte hartu dute lasterketan, eta ohi bezala, haurrek eta helduek elkarrekin egin dute proba. Ez da irabazlerik egon, eta guztiek izan dute amaieran pintxoa jateko aukera.

AZPEITIA

Berrikuntzekin eta jende ugariren parte hartzearekin jokatu dute gaur Azpeitiko 23. San Silbestre lasterketa. Hiru proba jokatu dituzte Azpeitiko kaleetan: lasterketa inklusiboa, lasterketa laburra eta helduen lasterketa nagusia. Proba inklusiboan ez da sailkapenik eta izen ematerik egon, eta haurrek nahiz helduek parte hartu dute, elkarrekin. Lasterketa laburrean Jakes Zubizarreta eta Maite Arregi izan da helmugaratzen lehenak. Aldiz, proba nagusia Amets Aranberrik eta Jone Zabaletak irabazi dute.

GETARIA

Getarian ere dozenaka eta dozenaka lagun irten dira kalera urteko azken eguna ospatzera. Horietako askok, 300 bat lagun inguruk, korrika agurtu dute 2024. urtea. Beste urteetan bezala, aurten ere bi lasterketa egin dituzte herrian, bata motza, edozeinek parte hartzeko aukera izan duena, eta bestea luzeagoa, 16 urtetik gorako getariarrentzat zuzendua. Giro aparta nagusitu da bietan. 

ORIO

Parte hartze handia izan du Orioko San Silbestre lasterketako helduen probak ere. 300 lagun pasatxo bildu ditu lasterketak, eta giro bikaina izan da nagusi herriko kaleetan. Aurtengo txapeldunak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, Xabat Elortza oriotarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra izan dira. Aurretik, haurrak eta gaztetxoak ere aritu dira korrika.

ZARAUTZ

Parte hartze kopurua beteta, egundoko giroan jokatu da urte amaierako lasterketa. 600 lagun irten dira korrika, herriko kaleetan barrena, urteari lagunartean eta mozorrotuta agur esateko asmoz. Helmuga zeharkatzen lehenak Asier Medina eta Ainhoa Martinez de Lizarrondo izan dira aurten. Aurretik, irristaketako proba ere egin dute, eta Unai Matxain eta Nahia Manterola izan dira nagusi.

 

ZESTOA

Urteko azken egunean ohi duten moduan, San Silbestre lasterketa egin dute gaur Zestoan ere. Beste zenbait herritan goizez egiten duten arren, Zestoan arratsaldean egitea da ohitura, eta gaur ere halaxe izan da. 17:00etan hasita, haurren nahiz helduen probak izan dira, eta giro ederra sortu da herrian.

10 urte arteko haurrak izan dira korrika egiten aurrenak, eta horiek gozokiak eraman dituzte etxera. Gero, 11 eta 15 urte artekoen lasterketa egin dute; nesketan, Intza Iturzaeta izan da garailea, eta mutiletan, berriz, Unai Aizpurua. 16 urtetik gorakoen txanda izan da jarraian, eta horietan Amets Aranberri (07:22) eta Idoia Nogales (09:04) izan dira garaileak. Aipatzekoa da, gainera, Aranberrik goizean Azpeitiko San Silbestre lasterketa ere irabazi duela.

ZUMAIA

Zumaian ere korrika amaitu nahi izan dute urtea. San Silbestre eguneko lasterketa baino, saltaka saioa izan dela esan daiteke, azken urteotan gertatu bezala, lehiakortasuna kendu nahi izan baitiote antolatzaileek urte amaierako korrika saioari. Hala, ez da irabazlerik izan, ezta sailkapenik ere. Haur txikiak izan dira parte hartzen lehenak, eta eguerdian ekin diote proba nagusiari. Guztira, mila zumaiar inguruk jantzi dituzte zapatilak urteari amaiera emateko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide