300 pertsona inguru eta irribarre asko, Getariako San Silbestre lasterketan

Mireia Galarza Bastida 2024ko abe. 31a, 14:25

Beste urteetan bezala, aurten ere bi lasterketa egin dituzte, bata motza, edozeinek parte hartzeko aukera izan duena, eta bestea luzeagoa, 16 urtetik gorako getariarrentzat zuzendua. Giro aparta nagusitu da bietan. 

Aparteko giroa izan da gaur goizean Getarian. Ez bakarrik eguraldiagatik, dozenaka eta dozenaka lagun irten baitira kalera urteko azken eguna ospatzera. Horietako askok, 300 bat lagun inguruk, korrika agurtu dute 2024. urtea eta, gazteek zein helduek, korrikalariek zein animatzaileek, giro ederrean ospatu dute San Silbestre lasterketa. Izan ere, ohiko gisan, gaurko probaren helburua izan da ondo pasatzea, helmugako postua alde batera utzita.

Beste urteetan bezala, aurten ere bi lasterketa egin dituzte, bata motza, edozeinek parte hartzeko aukera izan duena, eta bestea luzeagoa, 16 urtetik gorako getariarrentzat zuzendua. Herriko kaleetan barrena egin dute korrika parte hartzaileek, batzuk ohiko kirol arropa jantzita, baina bat baino gehiago izan dira Gabonekin lotutako osagarriak jantzi dituztenak ere. Lasterketaren beste aldean, berriz, animatzera irten diren herritarrak ikus zitezkeen, euren lagun zein familiako kideei txaloka. 

Lasterketak amaituta, herriko negozioek emandako opariak zozkatu dituzte parte hartzaileen artean, eta sabela betetzeko aukera ere izan dute, frontoian eman dituzten txorizo pintxoekin. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide