San Fermin Txikiren aitzakian giro aparta nagusitu da gaur goizean eskualdeko zenbait herritan. Hain justu, Aiako, Azkoitiko, Azpeitiko eta Getariako udaleku irekietako haurrak izan dira gaur zuri-gorriz jantzi eta kalera atera direnak.
Aiako haurrak izan dira goiztiarrenak: 10:30ean bildu dira guztiak herriko plazan, eta txupina botatzearekin batera eztanda egin du festak. Zezenaren atzetik ibili dira korrika, eta musikak lagunduta kalejira egin dute plazatik hasi eta herriko eskolaraino. 12:00etan zuten hitzordua Azkoitiko, Azpeitiko eta Getariako haurrek. Pregoia irakurri, suziria bota eta entzierroa egin dute azkoitiarrek eta azpeitiarrek, eta Getarian urezko puxikak behar izan dituzte beroari aurre egiteko.
Horrez aparte, etzi, igandea, zezen puzgarriak aterako dituzte kalera Zarautzen, eta Aizarnazabalen eta Zestoan datorren asterako iragarri dituzte sanferminei lotutako ekitaldiak.
Hona hemen gaur goizeko ekitaldietako argazki bildumak: