Eskuineko eskuko behatz potoloaren mamiak pantaila ukitzerako desblokeatzen zait sakelako telefonoa, eta koadrotxo batean agertzen zaizkit, bata bestearen atzetik, galerian gordeta ditudan hamaika argazkietako bat. Sartu-irtenean aritzen naiz batzuetan auskalo noizko argazkiak ikustearren, eta urte horretako hilabete horretako egun horretako ordu horretako minutu horretako segundo horretan zertan nenbilen gogoratzearren. Zerbait oroitzen dudan aldiro/ Pixka bat desberdin oroitzen dut beti/ Eta oroitzapen hori dena delakoa izanda ere/ Egia da beti nire buruan.
Bada, halako batean, duela zenbait urte Amsterdamera egin genuen bidaiako argazkietako batekin egin dut topo. Plaza batera daraman kaleetako bateko dendetako bateko erakusleihoetako bateko traje bat ageri da. Traje xelebre horietako bat, egia esan. Noraezean dabiltzan ebakiek azpiko alkandora uzten dute agerian, eta onddo batzuk ere badarizkie. Kotoia eta esporak bat eginda; hariek eusten diete jantziari, eta mizelioak onddoei. Hau idatzi heinean jakin dut Ninamounah diseinatzailearen jantzi batetik abiatuta egin zutela eskultura hori, onddoen tasunak "bizitzeko modu gisa" aztertzeko; maniki hezeak pixkanaka eraldarazi omen zuen artelana, horixe bera behar baitute onddoek, hezetasuna. Ezin egiaztatu hala izan zenik, hiriaren erdigunetik pasaeran geundenean behin besterik ez bainuen ikusi. Noiz arte iraungo ote zuten.
Idatzi nezake arropa ageri den argazki bakoitzaz: Balentziagaren babydoll soinekotxoaz, Le Chevalier aux fleurs koadroko zaldunaren armaduraz, Iparraldeko trabesti baten plataformez, Iris Van Herpenen erakusketa bateko jantzi guztiez, lagun baten I <3 DILFS dioen tangaz, Björken zisne formadun soinekoaz, aspaldi josi nuen kortseaz, señoren denda batean erosi nuen blusaz, noizbait erostea okurritu zitzaidan eta behin bakarrik jantzi dudan alkandoraz, beste lagun baten perlazko lepokoaz... Ziurrenik zutabe dezente betetzeko lain karaktere idatzi ahalko nituzke, baina jada ahaztua nuen traje arraro hori gogoratzea nahikoa izan da joskintzari buruzko neronen katramilez idazteko. Beste behin. Orratzek ziztatutako behatzekin ari naiz idazten gaurkoa.
Metro, erregela, paper eta arkatz artean igaro dut asteburua, datorren Elegante Egunerako trajerako patroia egiten. Momentuz, lantegi nahikoa dut jakarekin; dagokienean helduko da, bai, prakak egiteko okasioa. Bada, bi kale, hirugarrenean bale: halako batean lortu nuen aldaken, gerriaren, bularraren, besapeen, sorbaldaren, lepoaren eta dena delakoaren neurriak ezkontzea; handik neukan oihal batekin marraztutakoa jostea; eta behar zituen moldaketak egitea –espero nuena baino lan gutxiago eman dit, eskerrak jainkoari eta eskerrak arrebari, hark lagundu zidalako bizkarrean kendu beharreko pintza tolesten–.
Inauteriak noiz diren ez dakiten horietakoa naiz, baina aditu dut otsailaren erdialdeko iganderen batean jantziko direla itxuroso Azpeitiko kaleak. Dagoeneko hasi da, beraz, Elegante Egunerako atzera kontaketa. Hiru hilabete eskas dauzkat aurretik; pentsatu nahi dut nahikoa izango dela.
Ezin ahaztu duela hilabete gutxi idatzi nuena: "Ez dago orratz bat behatz potoloaren eta erakuslearen artean heldu eta puntada emandakoan titaredun behatz luzearekin bultzatzea bezalakorik. Denbora luzean berriro ahaztuko ez zaidalakoan ari naiz hau idazten". Ahaztu dut zenbait hilabetez, baina hobe dut lehenbailehen buruari bueltak ematen hastea, gogoratzeko. Ezin ahaztu hori baino askozaz ere lehenago idatzi nuen beste hau: "Kuriositate hutsez emanak nituen bi oihalen artean puntada batzuk, inoiz jakin gabe benetan zer zen jostea, harik eta erabaki nuen arte banuela garaia urteak begiz jota nuen zera horri heltzeko". Igaro da denbora hautua egin nuenetik; onddo egin nuen, gero. Oraindik ere oroitzen dut kemena bildu eta Elvirarenera lehenbizikoz joan nintzenekoa. Tira, horretaz ere ja idatzi dut hemen, irakurle.