"Lehen begi bistan geometrikoki ezinezkoa dirudi, adar formarekin amaitzen diren bost petalok gordetzen baitituzte haziak, eta, beste bostek, lehen horiek apaindu. Nola ez zen, bada, pozoitsua izango halako lore bat; deabrua xehetasunetan omen dago, eta halako edertasuna ez da batere sanoa. Edonor kuku uzteko ere!". Urtebete igaro da Beizamarako errepide bazterretako kuku belarrez (Aquilegia vulgaris) idatzi nuenetik egunkari honetako zutabe honetan. Iaz desagertzear ziren kuku belarrak, uda ailegatzear baitzegoen; aurten, oraindik udaberriko loraldiak ernatutakoak geratzen diren arren, denbora gutxi geratzen zaie horiei ere.
Gogora ekarri dit kuku belarren kontu horrek txikitan, Nuarbeko soziedadean egin genituen hamaika afarietako batean, inoiz ikusi gabeko lore bat topatu nuela izkina batean, belar artean. Lore hosto zurixkak zituen, hari urdinxkak, eta ez dakit nola demontre deskribatu zein bitxiak ziren lorezila eta pistiloa. Ez zen mundu honetakoa. Kuku belarra adina, pasio lore hori (Passiflora caerulea) naturaren eta geometriaren arteko beste gurutzaketa bat zen. Halako itxura xelebrearekin, ezin erabaki irrikagatik edo sufrikarioagatik jarri zioten izen hori. Irakurlearen esku utziko dut pasio-ren adiera bata ala bestea hautatzea. Balekoa da biak nahastea; aukeran, nahiago gauzak ahal beste konplikatzea.
Berezkoa dut hori egitea, neure kalterako bada ere. Grinagatik egin beharreko zerbait aparkatuta uzteak baduelako axolagabetasunetik. Nahi eta espero baino gehiago, gainera. Seguruenik zaletasun hura egite hutsak eragiten duen sentsazio deskribaezina ahazteraino.
Ez nintzen akordatzen zer zen metro bat hartu eta gerria, aldakak, hankak eta gainontzekoak neurtzea; koadernoan apuntatzea neurri horiek, txukun-txukun; patroietarako papera zabaltzea Elvirareneko mahaia zen horretan, zeinak gogora ekartzen dizkidan urte eta erdian josten ikasten igarotako orduak eta orduak; han-hemenka aldaketak egin beharko dizkiodan praken patroi kurioxo bat zirriborratzea; atzera geratutako oihal batekin lehen proba bat egitea —aldaketan estu samar, gerria bizpahiru zentimetro gorago, beheko zabalera ondo, alfiler baten ziztada, eta txorkatiletaraino irits daitezela prakak—; ausardia guztiz praketarako ehuna markatzea eta moztea, pauso horretatik aurrera ez baitago ctrl+z egiterik, inondik inora.
Eta, besterik gabe, jostea. Horrek dakartzan buruhauste guztiekin; ez dira gutxi, gero... Baina hain da sinplea gauza bat egiten hastea, eta hain konplikatua jarraipena ematea. Irrika eta sufrikarioa, eskutik helduta. Pasioa...
Orduan, zerbait hain gustuko baldin badut, nola arraio egon naiteke asteak eta asteak hura egitea saihesten? Hilabeteak igaro dira dagoeneko. Nola ez dut sentitzen inolako errurik, kalterako baldin bada ere? Errugabea kontrakoa frogatu arte. Tarteka akordatu eta arratsalde oso bat horretan pasatzea nahikoa ote da? Nola, bada. Zaletasuna deitu al diezaioket? Hala egiten dut, badelako.
Askotan pentsatzen dut adarra jotzen ari natzaiola neure buruari. Neurrigabe gustatzen zaidala jostea, eta agian ez diodala estimu handirik, baina ohiturak hartzea —edozertan dela ere— ikaragarri kostatzen zaidala, eta horrek eramaten nauela gibel-handia izatera. Ez dago, dena den, orratz bat behatz potoloaren eta erakuslearen artean heldu eta puntada emandakoan titaredun behatz luzearekin bultzatzea bezalakorik. Denbora luzean berriro ahaztuko ez zaidalakoan ari naiz hau idazten.
Izan ere, akordatzen naizeneko une horietako batean nago oraintxe bertan, praka ditxoso batzuk egiten tematuta.
Azken oharra: ez dakar gauza onik perfekzionismoa eta inpostorearen sindromea juntatzeak. Zeren behin praka batzuk egiten hasita, izan dadila behar duen bezala: ez dezatela eduki akats bat bera ere, eta luzera hankaluze batentzat izan dadila, eta poltsikoak ere beren tokian egotea erregutzen dut, eta kremailera aldea ondo geratzea, eta gerriaren buelta begiak itxita bezala jostea, eta prakak izan daitezela politak ez baitiet nahi maniarik hartu nahi bukatu orduko, eta... Ekin aurretik hori dena dut buruan, eta gehitxo izango delako beldurra ez dit inork kentzen. Kapaz al naiz? Bukaeran itxuroso geratuta ere, tematuko naiz oker ñimiño batekin —gaitz erdi ñimiñoa bada—.
Espero dut kemena bildu eta ez geratzea galtzontzillo hutsik. Literalki bezain figuratiboki diot.